Donostian IBMk ezarritako ordenagailu kuantikoaren aurkezpenaren karira eta, hedatutako albistea dela medio, zabaldu diren iritziak, oro-har, aferaren onurak, are apologetiko bezain itsuak, besterik izan ez direnez, ene uste apaletik aipatu berriaren alde txarrak (baita onak ere) zerrendatzera noakizu, balizko irakurle hori.
Beti pentsatu izan dut iritzia oinarritzeko izpiritu kritikoa ezin dela konformatu egitateen bertsio bakar batekin; aitzitik, alderatzeko beharra edozein baloraziorekiko funtsezkoa baita, eta pentsamendu orekatua ezin da errealitatearen ikuspegi bakar batekin lerratu. Aztertzen ari garen kasuan, biziki kezkatzen nau erabaki garrantzitsu baten aurrean informazioak hain akritikoak izateak eta balorazioak hain panegirikoak egiteak.
Ikus dezagun, beraz, puntuz puntu, horri guztiari gehitu dakiokeena, gertaera honi buruzko iritzi osoago bat eman ahal izateko.
Jakina denez, aipatu egitasmoak kostu ekonomiko oso altuak dauzka, ordenagailu kuantikoek oso baldintza kontrolatuak behar dituzte (zero absolututik gertu dauden tenperaturak, bibrazioen eta erradiazioaren isolamendua). Horregatik, ikerketa eta mantentzea oso garestiak izaten dira, eta sarbidea enpresa handietara edo ikerketa-erakundeetara mugatuko da soilik.
Horrezaz gain, teknologia kuantikoa oso ezegonkorra da: kubitak (informazio kuantikoaren oinarrizko unitateak) kanpoko interferentziekiko oso sentikorrak dira. Horrek errore ugariak sortzen ditu eta sistemak handitzea zailtzen du.
Donostian IBMk jarritako ordenagailu kuantikoa bezala, gaur egun dauden ordenagailu kuantiko gehienak esperimentazio edo laborategi fasean dago. Beraz, ez dauka oraindik eskala handiko aplikazio praktikorik, ezta estandarizaziorako auketarik ere.
Dena den, etorkizunean, ordenagailu kuantiko indartsu batek egungo zifratze-sistemak hautsi ditzake, eta horrek datuen, transakzioen eta komunikazioen segurtasuna arriskuan jar lezake eta, aukera berri haien aurrean gainerako sistemak ari dira defendatzen jadanik.
Horrekin batera, langile kualifikatuen eskasia konputazio kuantikoan prestakuntza aurreratuak behar dira (fisika, matematika eta informatika). Horrek adituen gaitasunaren garapenean eragiten du eta aurrerapena moteldu dezake dagoen guztia haren esanetara jarriz.
Badaude, egon, gainera, arau etiko eta kontrol arazoak, zeren konputazio kuantikoaren ahalmen handi hori helburu militar, ekonomiko edo politikoekin erabil daitekeelako, eta horrek desoreka teknologikoak sor ditzake herriaren, politikarien edota ekonomia egitasmoen artean, izan ere, etika publikoaren eta pribatutasunaren inguruko dilemak ere sortuko baititu.
Bestalde, nahiz eta teknologia aurreratutzat aurkeztu, hozte-sistemek eta laborategi bereziek energia asko kontsumitzen dute eta horrek ingurumen-inpaktu handia dakar.
Ikusi denez, dena ez da urrea, lokatza ere badago erabaki horren atzean, eta, bide batez esanda, Andoni Ibarrak duela gutxi idatzitako artikulu batean ("Berria", 2025eko urriaren 18a) zioen bezala, aipatu ebaspena Europar Batasunaren politika zientifikoari buruzko jarraibideei segitu gabe hartu da. Are gehiago, enpresa pribatu batekin garatu da, IBM, Ipar Amerikako multinazional batekin, eta, dagoeneko, martxan dauden zentro publikoekin eta Europako proiektuekin lankidetzan aritzeko aukerak ez dira aintzakotzat hartuak izan.
Ezagutzen dugu elkar, duela urte batzuk suposatzen zen urrats garrantzitsuena komunikazioen sektorean esku hartzea zela eta Euskaltel sortu zen, enpresa publiko horretatik zuntz optikoaren hedapena indartu zen. Inbertsio publiko handiak izan ziren, eta esku pribatuetan amaitu ziren.
Duela gutxi inauguratutako Culinary Centerrek, Donostian ere bai, lurzoru publikoa erabiltzen du proiektu pribatu baterako orain arte herritarrek horren kontra protestatu izan badute ere.
IBMren ordenagailu kuantikoaren kasuan, ez da herritarren protestarik izan, eta, egia da, adibidez, Abiadura Handiko Trenaren ereduarekin alderatuta, gastatu beharreko kopuruak eta ingurumenean izan ditzakeen ondorio negatiboak txikiagoak izango direla, zalantzarik gabe, baina horrek ez gaitu aldendu behar kritikoak izatetik, ezta gure herriaren onena espekulatzaileen eta enpresa pribatuen esku saltzen duen estiloa salatzetik ere.
