Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Trumpatu?

 

Horixe, AEBtako boto-emaile gehienak tronpatu al dira?. Erresuma Batuan boto-emaileek BREXITaren alde egin zutenean demokrazia zuzenak omen zituen arriskuez ohartarazi gintuzten ohiko adituek baina, oraingo honetan, demokrazia ordezkatzailearen emaitza da kolokan jartzen dutena aurreko guztiek (hedabide buruek, sistemaren makillajean aritzen direnak eta abar…) eta, ondorioz, herri erabakia oker dagoela diote berriro ere.

Duela urte batzuk, 1992an, AEBn egon nintzen kazetari moduan eta Bush(aitaren)&Clinton(senarraren) arteko hauteskundeen berri eman nuen handik EGIN irratirako. Orduan ez zegoen sega-potorik ez Internetetarik ezta egungo baliabiderik eta konexio zuzena egiten genuen N.Yorkeko nire hoteleko gelako telefonotik Hernanira. Ustekabe handia izan zen Clintonen garaipena eta gogoan dut hauteskunde osteko bilkurara sartzeko errepublikanoek ez zidatela baimenik eman kreditaturik egon arren, demokraten festan sartzeko arazorik ez zegoela garagardoa dohainik zen bitartean. Haien artean, berriz, garaiko ezkerreko jendea aurkitu nuen garaipena ospatzen: latinoak, lesbianak...harrigarria izan zen.

Orain, aldiz, orduko demokratak ez dira jadanik ezkerrekoak, neoliberalak baizik eta sasoi hartan liberal ziren errepublikanoak, ostera, ultraliberal bihurtu dira inperioaren bihotzean. Haiek irabazi dute orain.

Gizarte jarreren higitze honen berri ematen digu Alain Badiouk La vrai vie (Fayard) izeneko saiakeran. Hark emakumeen eta gizonen arteko gizarte lekualdatzeen berri ematen digu baina bere mezua, oro har, politikoki erabiltzeko ere balekoa zaigu.

Hau da, Clintonek (emaztea) ez du jadanik ezkerreko emakumezkoen esanahia babesten, berez 1992an egiten zuena, 'statu quo'arena baizik. Haren irudia aurrekoa izan arren, bere egungo interesek mundua hondamendira eramaten baitituzte (ikuspegi estrategiko militarretik, ekonomikotik edo ekologikotik…).

Aldiz, eskuinarekin harremanetan egoteko batere susmagarri ez den Ariel Dorfman idazleak duela gutxi argitaratutako Trumpen jarraitzaileak deskribatzeko artikuluan USAko jende xehearen irudia erabili zuen Faulkneren arabera: 'white trash' (zabor zuria, alegia), pobretutako nekazariak eta langileak…

Halere, Clintonek (emaztea), establishment beraz, galdu egin duela egungo AEBako proletarioen hautagaiak irabazi egin duen bitartean esango bagenu, sinplekeria galanta plazaratuko genuke.

Dena den, argi eta garbi geratu dena da hedabideek eta establishmentek ezin dutela dena kontrolpean eduki eta, ustez, goitik bideratutako gizarte honetan, agertoki berriak ari direla etengabe plazaratzen. Dagoeneko ez baitu balio ezer aldatzen ez denaren ilusio lanpedusiarrak.

Hori bai, ez tronpatu, edozein aldaketak ere ez du balio. Gizarte aldaketek ezker antolatuaren premia daukate, bestela, betiereko itzuleran biziko ginateke eta.

Fito Rdz.  

Bilatu