Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Txapel erdia

 

Hara non, eta datorren udal hauteskunderi  begira, Donostian EAJren partez zerrendaburua den Eneko Goiaren eskutitza jaso dudala etxean. Berak idatzi omen  du, lehenengo pertsona erabili baitu eta, hasierako paragrafoan,  “Donostiaren historia bere herritarren historia da....kultura irekia eta askotarikoa eduki duen hiria ere bada, Pio Barojarena, eta baita Txillardegirena ere.”

Eneko jaio aurretik, Txillardegik 1965ean argitaratutako artikulu sonatu batean (“Euskaldun txapeldunei bi hitz”) honela zioen: “ Barojaren txapelaundi  eta txapeltxiki delakoak usu dira orain euskaldunen artean aipatuak…baina Baroja espainol bat izan zen eta ez euskaldun bat. Berak maite zuen txapel handitasun hura ez da nirea, ez da nehundik ere euskalduna: boinagrandismo baizik ez zaigu guri. Arrotz, erbesteko eta erdaltzale zaigu …tamala da; Baroja balio handiko euskal idazle izan baitzitekeen ”.

Enekoren gutuna, berriz, propaganda besterik ez dela badakigu, jakin. Eta, noski, publizitatearen helburua ahalik eta jende gehienaren arreta erakarri nahi izatea denez, askotan ziria sartzeko idatzitako testu edota irudiak besterik ez ditu ardatz. Denok dakigu publizitateak zabaldutako “laranja freskagarria” izan zela batere laranja zukurik izan ez zuen edariaren izena, gezurra galanta, alegia, baina publizitatearen legeen arabera horrela hedatu behar izan zen.

Dena den, eta Eneko Goiaren testua propaganda izanda ere ( iritziak nahasteko eta berbideratzeko idatzia, beraz) iraingarria iruditzen zait  zeharo.  Txillardegi hil ondoren Donostiako euskal idazle talde batek izenik gabe dagoen Udal Liburutegi Nagusiari berea ematea proposatu genuenean Eneko bozeramaile duen EAJren udal taldeak ahaleginak eta bost egin zituen ( araudia zela, kontsentsua zela eta abar erabiliz) proposamena aurrera joan ez zedin. Azkenean, teknikarien informeak alde eta araudiaren arazoa konpondu zenean, EAJk atea itxi zion proposamenari aukera erabat baztertzera kondenatuz. Areago, Lasala Enparantzan  (Txillardegi  hil zen Plazako monolitoan berak idatzitako 1956ko idazki xumea xaflatan jarri genuelarik, EAJ behartu zion Udal Gobernuri hori guztia ezabatzeko…). Esangabe doa  On Pio Barojak plaka eta oroitarria dituela Okendo kalean, bestalde.  

Txillardegik zioen bezala:” Ez dago simetriarik”. Donostian erdal idazleak badu bere ohorea kaleetan bermatuta euskal idazlearen kaltetan. Hori bai, hauteskundeak datozenean, Txillardegi eta antzeko euskal erreferentziak ahoa bete hortz erabili izaten dira hurrengo lau urteetan zehar espainolismoarekin (boinagrandismoarekin, alegia) bat eginik ibili ahal izateko euskaldun engainatuen lepoz.

Ia ahaztua den Elurmendik, Donostiako beste euskal idazleak ( Ramon Intzagarai,1878/1947) txapelerdi deitu izan zion mota horretako jarrerari.  Baina, honako idatzgaiztoren ondoren, kalifikatibotara joaz eta denok ulertzeko moduan, txepel t´erdia deituko nioke nik. 

Fito Rodriguez

Bilatu