0 iruzkin

Txillardegi pianoa jotzen.

 

Arpa jotzen, horrela esaten zaio norbaiti trufa egiten zaionean baina ( zer izango dugu euskaldunok musikarekin?), adarra jotzea ere erabili ohi da.

Halaxe sentitu naiz ni, burlatua eta dantzan jarrita alegia, “Txillardegi Udal Liburutegia” aldarrikatzeko urtarrilaren 18an burutu genuen ekitaldia prentsan islatua (era ezin traketsagorik esan dezadan, bide batez …) ikusi dudanean.

Izan ere, El Paísek, El Diario Vascok, Noticias de Gipuzkoak edota El Mundok guztiz faltsua izan den  berria zabaldu izan dutenean ( Donostiako Udala gobernatzen duen Bilduk, gainerako talde politikoen iritziari jaramonik egin gabe, Liburutegiari Txillardegi izena eman diola) aipatu komunikabideek bazekiten, jakin ere, izena aldatzearen ekintza baketsu bezain sinbolikoa “Txillardegi Liburutegia Ekimenak” egin zuela ( bai argazkiak baita notiziaren testua igorri baitzitzaien haiei guztiei), baina Donostiako PSOEk emandako informazio okerra lehenetsi dute gezurra hedatzen eta, argibideak erakutsi direnean, batzuk zuzendu arren (ez denek, ordea …), ez dute onartu nahi izan hanka sartu dutenik.

Informazio okerraren iturburua PSEko Garmendia zinegotzia eman zuten komunikabide haiek. Berarekin elkartu nintzen ni bilerara Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Dekanoa den Xabier Etxague berandu zetorrenez, gure aldarrikapen eta, ildo beretik, “Txillardegi Liburutegia Ekimena”-ren  berri emateko. Beraz, nahiko datuak bazituen Kultur ekimena dena eta Bilduko udal taldea bereizteko baina, alperrik, gauzak nahastuz eta haiek behar bezala zabalduz garbia dena lokaztu egiten da eta horixe bera nahi omen du, kasu honetan behintzat, Donostiako PSEk.

“Txillardegi Liburutegia Ekimenak” egindako proposamenak, nonbait, aspalditik izenik ez zuen udal liburutegirako hautagai asko sortarazi ditu. Gurea eztabaidatu aurretik, esaterako, baten batek berriki zendutako Jean Haritxelar izena ematea proposatu zuen ( ez nekien Euskaltzainburua izan zena donostiarra zenik…), beste batek,Ramon Labayen izendapena proposatu zuen ( PPk, oker ez banago…) baina Labayen, euskaltzale bezain kultur eragile izan arren, ez dut uste liburu asko idatzi zituenik eta, ziuraski, bere izena PPk Txillardegiren aurka erabiltzea ez luke berak ere erraz onartuko.Orain, aldiz, UPyDk Gregorio Ordoñezentzat nahi omen du liburutegia ( komentariorik gabe).

-“ Nik piano katedra bat nahi dut” esan dezake baten batek.

-“Baina, aizu, zuk ez dakizu pianoa jotzen”, arrapostu dezake beste batek-

-“Berdin du, ni biktima bat naiz” ihardetsiko dio adarra jo nahi gabe gainera, ustezko piano jotzaileak.

Herri santu honetan dena balio duela ematen du. Dena zen ETA, eta orain dena da Bildu. Liburutegi bati agrafo baten izendapena eman ahal zaio lan eskerga egin duen baina ETAren fundatzailea izan zen idazleari ez ematearren. Zilegi da, nonbait, ETAren kontua azaltzea beti, edota Bildurena, gauzak ez aldatzearren betiere.

Gure Dekanoaren partez ( hark asko estimatzen zuen Txillardegi), Marisol Garmendiarekin hitz egitera joan nintzenean, ETA ren aipamena erabiltzen ausartuko ote zen galdetu nion eta berak, ezetz esan zidan. Eskerrak, zeren eta PSOE/ Euskadiko Ezkerran zenbat etakide-ohi ote dauden inork ez baitaki. Txillardegi izendapenaren aurka bozkatu zuen EAJko Donostiako udal taldean egon badagoela denok badakigu, ordea.

Baina PSEk ez zuen argudio makur hori erabili Txillardegi izendapenaren kontra bozkatzeko. Beraiek ez zutela udal eraikinak izen propioez izendatu nahi argudiatu zuen. Hara!, eta PSEk urteetan gobernatutako Donostian ez al dugu Ernest LLuch edota Imanol Lartzabal izeneko kultur ekipamendurik? Arpa jo nahian bota zuten hori?

Baina haiek “Biktimak” izan ziren, esan dezakete…

Eta Txillardegi? Ez al zen tirokatua izan Alkala hotelean, Madrilen, bere ondoan zeuden Josu Muguruza hil zutenean eta Iñaki Esnaola abokatu donostiarra larri zauritu zutelarik?.

Noiz egin dio Donostiako Udalak bati zein besteari behar bezalako errekonozimendurik?

Edo biktimismoaren kontuak batzuentzat bakarrik ote dira erabilgarri?

Txillardegi, besteak beste, sekulako intelektuala izan da eta Donostiak bere izena aldarrikatu behar du dagokion tamainan. Eta horrela izan ezean, Donostia bera galtzaile. Bere tokia ez emateko ez baitago argudiorik, aitzakiak baizik. Joku zikina, gezurrak eta guzti.

Eta horretaz gain, pianoa jotzen bazekien. Eta ondo, gainera.

Fito Rodriguez

 

 

 

 

/
azken post-ak
azken iruzkinak