Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

“Txillardegiren Antigua” ezagutzeko gonbita idazlea zendu zenaren 7.urteurrenean.

 

Txillardegiren aberria Antigua zen."Gizakiaren benetako aberri handia haurtzaroa da"  zioen Rainer Maria Rilke idazle austriarrak eta, Jose Luis Alvarez Enparantzari dagokionez behintzat, aforismo horrek bete-betean laburbiltzen du haren iruditeriaren izaera. Antigua Txillardegirentzat arbasoen jatorria eta, halaber, jatorrizko kultura giroa baita, euskararekiko konpromisoa eta gertukoen maitasuna, haurtzarotik aurrera sentitutako kidetasuna, zeinak, denboraren poderioz, bere nazio kontzientziaren garapenaren oinarriak garatuko dituen. Erbestetik etorri ondoren hori dena saiakera poetiko bihurtu zuen "Haizeaz beste aldetik" izeneko liburuan, non, Antiguatik Txubilora egindako ibilbidean sorterrira itzultzeak erakarri zizkion hausnarketak eta burutazioak, gogoetak nahiz pentsaketak, eskaini zizkigun erabat berritzaile izan zen testu batean. Guk horri heldu nahi diogu datorren igande honetan berak jorratutako tokiak eta idatzitako bizierak gogoratuz. 

 

 

Izan ere, egungo Donostiako Gaskuña plazak Txillardegi izena behar zuen baina Txillardegi izenik ez badu Txillardegi etxea hor zegoelako da, egun monjeen orubea dena, eta, bide batez, Txillardegi intelektual abertzalearen familiaren etxea zenaren oroimena ezabatu nahi izateagatik. Hau da, Antiguan bertan  kaleak, enparantzak eta zerbitzuak aurreko tokian tokiko izenak dauzkate: hor daude Lugaritz, Zubimusu, Benta Berri eta halakoak adibide. Gaskuña plaza jarri beharrean Udaletxeari Txillardegi izendapena proposatu zitzaion bere garaian baina  Jose Luis Alvarez Enparantzak erabili ohi duen ezizenarekin ez nahastearren edo, ia beti lehenesten den toponimia erabiltzearen partez Gaskuña izena hautatu zuten. Nire ustez, ordea, plaza hori Txillardegi plaza da, Udaletxeak beste modu batez bataiatu izan badu ere. Txillardegi etxe handia zen, gerra ospitalea ere izandakoa eta antiguarron oroitzapenean egoteaz gain, paisaia linguistikorako berreskuratu beharreko izena.

 

Handik abiaturik “Euskaldunon aberria euskara da”, esan zuen Txillardegik, Sabino Arana parafraseatuz eta aldi berean euskal nazionalismo tradizionalarekin hautsiz. Beraz, Txillardegiren aberria Euskal Herria zen, euskararen herria, alegia. Alabaina, egia baldin bada gizakion benetako aberria haurtzaroa dela, hainbat autorek idatzi eta esan duten bezala, Txillardegiren aberria Antigua zen. Eta hori oso garbi geratu zen Antigua 1900 liburuan, memoria- eta maitasun-ariketa harrigarri hartan. Hain justu, aipatutako liburuan oin hartuta  Txillardegi Liburutegia herri ekimenak prestatu dugu “Txillardegiren Antigua” ibilaldia. Abiapuntua, 11etan, Gaskuña plaza izango da. Izan ere, bertan zegoen Txillardegi etxea. Eta ondoren Txillardegiren haurtzaroaren eta Antigua zahar haren lekuko izan ziren hainbat leku ezagutuko ditugu.Gonbidatuta zaudete.

 

Bilatu