0 iruzkin

Udaberrien aldaketak

 

Duela bi mendeko udaberrian, Napoleonen garaian, Europan bakea hitzartu ondoren, Baionako borrokak eta gudak apirilaren 27ra arte iraun zuten. Bestalde, Wellingtonek ekainaren 14ra bitartean eutsi zion Armadaren aginteari baina 1814. urteak europear bizierari kultur aldaketa ekarri ziola ez dago dudarik.

Beraz, orain gertatzen ari denaren antzera, orduan gerra bidez eta oraingo honetan era “sasibaketsuan” bada ere, Europako estatuen kopurua nahiz elkarren arteko harremana zeharo eraldatu zen, 1814eko apirilaren 18an Gazan jeneralak (Napoleonen partez) eta Murrayk (Wellingtonen ordez) sinaturiko hitzarmenak Europa osoan gertaturiko aldaketa baten mugarria izan zela nabarmen da.

 Hori dela eta idatzi nuen “Donostia / Travnik / Dubrovnik / Bilbo” izeneko artikulua (in Astrolabio. Revista internacional de filosofía, 2013. 15 zbk. 185-195 or.).“Historiaren ziklo luzearen” ikuspegi honekin, gaur hain boladan dauden E. Hobsbawm eta T. Rangerren irakurketa murriztaileen aurrean, halaber ondoriozta liteke nazionalismoen eraikuntzak herri baten historia moldatu, nabarmendu, egituratu, orientatu eta baita faltsifikatu dezaketela ere, baina oso zaila dela bere osoan “asmatzea”.

P.S. Mancinik nazioa “lurralde, jatorri, ohitura eta hizkuntzaren bidez elkarrekin bizitzeak eta kontzientzia sozialak eratutako gizakien gizarte natural” bezala definitu zuen (“Sobre la nacionalidad”, 1985), eta definizio honek nazionalitatea zehazteko Gizarte Zientziek erabilitako ezaugarriei elementu subjektibo bat erantsi zien, hau da, kontzientzia nazionala. Honela, bere baitan sentimendu erreferentzial eta identitario hori bereganatzen duen herria, kultura, etnia edo talde soziala bilakatzen da, hain zuzen ere, eskubideen subjektu, eta beraz, lurraldez Estatu diferentziatu bihurtzeko eskubidea atxikitzen zaio. Nazionalismoa da, logika hutsean, subjektu nazional eta eskubidedunaren kontzientzia hori garatzeko politikoki lan egitea aldarrikatzen duen ideologia.

Ildo juridiko-politiko honetan, bada, nekez ahal daiteke nazionalista izan sezesionismoa izatea posible dela onartu gabe, zeren eta ezein herrik ezin baitu bere buruaz libreki baliatu bortxaturik daukan Estatuaz aske izatea galarazten bazaio. Gaurko gontz garaian, agian inoiz baino areago, ari da “ius cogens” (eskubide hertsagarria) plebiszituaren bidea bakezko soluzioa eragozten hainbat kasutan non herriek politikoki, errebindikazio nazionalisten bidez, beren buruaz baliatzeko eskubidea planteatzen duten (Michaud, “Droit à l’autodétermination et pouvoir politique”, 1980).

Ildo beretik, nola gaurko Estatu-Nazioen Konstituzioen parterik handienak hala erlazio politikoen eredu berriak ekar ditzaketen estatuen arteko egiturek  (Europar Batasunean bertan adibidez) merkatu deitu librea kontsakratzen dute konstituzionalki. Honela bideraezin bihurtzen dute herriek eta nazioek beren aberastasunak eta baliabide naturalak libreki baliatzeko eskubidearen ariketa (1974ko abenduaren 12ko AG3281 Ebazpena).

Egoera honetan, bada, orain eta hemen, inter-nazionalismoa pentsaezina da ez bada abiatzen nazionalismotik (Michel Cahen, “L’inter-nationalisme contre la mondialisation”, 2001). Areago, egun, autodeterminazio eskubidea onartzea eedo ez, bihurtu zaigu esker politika benetazkoa ote den jakiteko funtsezko froga.

Honela bada, esan bezala politikaren jatorri grekoaren kontzeptutik abiatuz eta duela bi mendeko “udaberri garaia” igaro ostean, ondorioztatu behar genuke globalizazioari gaurko koordenatuetan aurre egiteko era iraultzailea nazionalismo independentista litzatekeela soilik.

Zer da, orduan, nazionalista izatea?

Zalantzarik gabe, erreferentzia komunitario eta identitarioen garrantzi ideologikoaren kontzientziaren jabe izatea,  truke desorekatuaren mundializazioari alternatiba politikoak formulatzeko.

Beren etorkizuna libreki erabakitzea lortzen ahalegintzen diren herrien erabakimen kolektiboaren prozesuak balaztatzeko erabili ohi den“ius cogens” aurrean ez etsitzea.

Horra inter-nazionalista izateko era: anti-inperialista eta independentista izatea.

 

/
azken post-ak
azken iruzkinak