Urriaren hamabiaren kontra (Babakar Welle gogoan)
Urriaren 12a 1918tik da ofizialki "Arrazaren Eguna" (gaztelaniaz, Día de la Raza) Espainian.
Alfontso XIII. a erregearen eta Antonio Maura gobernuburuaren garaian bihurtu zen legezko jai egun nazionala. Ordutik hona, ordea, izendapen aldaketa batzuk egon dira, hala nola, frankismo garaian eta 1958ko dekretu baten bidez, izena aldatu eta Hispanitatearen Eguna (Día de la Hispanidad) izendatzera pasa zuten. Gaur egun, berriz, 1987ko urriaren 18ko 18/1987 Legearen ondorioz, izen horiek guztiak kendu eta izendapen ofiziala Espainiako Festa Nazionala (Fiesta Nacional de España) bihurtu da.
Ameriketako herrialde askotan ere urriaren 12a «Arrazaren Eguna» izenarekin ospatu izan da XX. mendean zehar. Dena den, azken urteotan herrialde ugarik izena aldatu diote jatorrizko herrien sarraskia, kolonialismo eta esklabismoa ez goratzeko.
Aurreko batean Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sarea kolektiboek Bilbon oraindik ere dagoen esklabotzaren iragana berrikusi dute, merkatari eta militar euskaldunei eskainitako kale-ibilbide baten bidez baina, antzerako egin genezake Euskal Herriko edozein herritan.
Nahiago nuke Matia, Zulueta, Murueta, López de Isasti, Arriaga, Larrea, Zavala edo Morga-Garai abizenak ez gogoratzea, baina haien izenak gure kaleetan nonahi gogoratzen dira nahiz eta, egia esan, herriak sarraskitzea eta gizakiekin salerosketan aritzea izan zen izan zuten ohore bakarra.
Horien aurka sortu zen, «belztasun»-aren aldarria, erantzun poetiko eta politiko gisa, kolonialismoaren eta arrazakeriaren kontra, Afrika beltzaren esklabo bihurtutako eta itsasoaren beste aldean, batez ere Amerikan, salgai gisa saldutako herrien duintasuna goratuz.
Gaur egun, kolonialismo ekonomiko, kultural eta epistemikoaren formek jarraitzen dutenean, testu horiek erresistentzia beltzen genealogia ulertzea ahalbidetzen dute, eta, era berean, erresistentzia horiek egungo borrokekin lotzea errazten dute (migrazioarekin, arraza-indarkeriarekin edota estraktibismoaren politikekin ere bai...).
Belztasuna kontzeptuaren inguruko etnia eta kultura ezberdinen ekarpen literarioa ardatz afro-amerikar batean gauzatu da. Etnia eta eskualde desberdinetako ahotsak biltzeak (Afrika mendebaldea, erdialdea, ekialdea, Magreb beltza, Karibe, Amerika beltza) belztasun hartan barne aniztasuna erakutsi eta «beltza» bloke bakar gisa homogeneizatzea saihesten digu.
Gure artean belztasunen literatura oraindik ez da oso ezaguna, eta, garrantzi historikoa izan arren, ia ezezaguna izaten segitzen du gure testuinguru kulturalean.
Egia da literatura beltzafrikarrari buruzko historiak eta ikerketak daudela itzulita, baina oraindik ere oso mugatuak dira antologia irisgarriak, laburrak, testuinguruan kokatuak eta komentatuak.
Joan zen 2026ko irailaren 28an Hondarribian hildako Babacar Welle senegaldarraren izenkidea,
Babacar Sall idazlea, Afrikako pentsamenduaren inguruko lanengatik ezaguna, aldi berean literatura garaikide frankofonoan ahots teoriko eta sortzaile garrantzitsua izanik, honakoa aldarrikatzen du, zera, interferentziaren poesiaren kontzeptua, alegia; haren arabera, idazlearen egitekoa ahanzturari erresistitzea da, memoria historikoa eta existentziala etengabe aktibatuz. Afrikar poesia frankofono modernoaren testuinguru berrian kokatzen du memoria kolonialaren kritika, nortasunaren berrasmaketa eta hizkuntza aniztasunaren tentsioak landuz.
Haren lan poetikoa teoriaz lagunduta doa, literaturaren eta pentsamendu politiko-kulturalaren arteko elkarrizketa proposatzen du, poesiari erresistentzia eta kontzientzia funtzio politikoa emanez. Hark, poesiaren bidez, ahanzturaren aurkako borroka estetiko eta politikoa planteatzen du, historiaren eta subjektibitate beltzaren aztarnak berreskuratuz.
Babacar Sallek irakurleari proposatzen dion poesia interesgarria da. Poeta honek azken urteetan Senegalen egin duen bidea ebaluatzeko aukera ematen du. Haren testuak hizkuntzaren etengabeko erritmotzat har daitezke, indarra uzten duten bertsoak egiten dituen bitartean. Poeta senegaldarrek kantua iraganaren ospakizunarekin eta bizitasun handiko formen adierazpen edo esplorazioarekin nahasten dituzte. Herentziaren hizkera gainjarri batekiko menpekotasuna agertzen duenean, ez du zabaltzen poetikoki ezer, hasi, iragarri eta adierazten dutela baizik. Senegalgo poetarik handienetako izanik, adierazten eta frogatzen du hitzak, loturak eta erritmo berezien bila joaten dela, bere esentzian, esperientzia aske eta aberats baten gorazarre bihurturik.
Abraham Lincolnek bildu zuen/ Nire izakian sasikumea eta sakabanatua/ Eta harrezkero makuluak bota nituen/ Hankak luzatzeko/ Nire begietako benda bota nuen/ Munduaren aurpegia ikusteko/ Bihotza ireki zitzaidan berriro/ Lur osoa maitatzeko./ Baina hain aspaldi/ Nire arima, izarren erdian/ Lurrean utzi du/ Bake-amets zaharra/ Eta gure gonbidatuen oihartzunagatik/ Adanen erreinua/ Bakea lurrean/ Amets bat izaten jarraitzen du/ Esklabotza abolitua/ Gizakiak asmatu zuen/ Beste esklabotza bat/ Diruarena, armena eta boterearena./ Eta Jainkoak ureztatzen duen bihotza/ Gizaki guztiak maitatzeko/ Egurra fusil kolpeka/ Bonbak eta misilak.
Babacar Sallen testu honek izaera poetiko eta politiko nabarmena du, gizateriaren bilakaeraren, askapenaren eta huts egin duen utopiaren inguruko gogoeta sakona dugu. Abraham Lincoln izenaren aipamenak lehen unetik kokatzen gaitu −esklabotzaren abolizioa eta gizatasunaren berpizkundea sinbolizatzen duen figura historikoa, baina poema honek Lincolnen sinbolo hori gaurkotasunaren ispilu kritiko bihurtzen du–.
Lehen lerrootan ahots poetikoak bere barne-eraldaketa kontatzen du, Lincolnek «bildu zuen nire izakian sasikumea eta sakabanatua», hau da, barne zatituan batasuna ekarri zion, gizakiari duintasuna itzuli zion. Horren ondorioz, poetak «makuluak» eta «benda» baztertzen ditu zeren argitasun eta askatasun egoera baten irudia eskaini nahi digu. «Lur osoa maitatzeko bihotza irekitzea» da askapenaren gailurra, humanismo unibertsalaren sinboloa, beraz.
Baina bigarren zatian tonu iluna nagusitzen zaio. «Hain aspaldi» denetik aurrera, gizateriaren idealak hondoratu direla dirudi, «Adanen erreinua/ bakea lurrean/ amets bat izaten jarraitzen du». Kristautasunaren eta humanismoaren promesa ez da gauzatu, bake-ametsa izarretan geratu da, lurrean ez da errealitate bilakatu.
Amaierako ironia latza dator, «Esklabotza abolitua/ gizakiak asmatu zuen/ beste esklabotza bat». Dirua, armak eta boterea dira gaur egungo kateak, orduan abolitu zena gaur berrasmatuta itzuli da. Azken irudi poetikoak −«Jainkoak ureztatzen duen bihotza/ egurra fusil kolpeka/ bonbak eta misilak»− kontraste moral ikaragarria erakusten du, jainkozko maitasunaren iturria gizakiaren bortxakeriak lehortzen baitu.
Era laburrean esanda, Babacar Sallen poema honek gizateriaren historia moralaren aldarria eskaintzen digu. Alde batetik askapenaren irudia (Lincoln) esperantza gisa agertzen da, baina, bestetik, gizakiaren izaera berekoia (diruaren eta boterearen morrontza) nagusitzen da, testuinguru horretan, poeta, gisa horretan, azken kontzientzia gisa agertzen zaigu, desengainuaren eta maitasunaren arteko lekuko.
Gaur egun, Espainiako estatuan memoria historikoaren bi legeetan ez dago esklabotzari buruzko aipamenik ere, nahiz eta erakunde eta partikularren aberastasunak sendotzeko funtsezkoa izan den ahazturik segitzen du. Aipa legeek, biek ala biek, baztertu egiten dute esklabismoa eta kolonialismoa gogoratzeko elementu gisa, gerra zibilera eta errepresio frankistara mugatuta egin baitziren. Babakar Welle gogoan, Babakar Salle bihotzean...
