0 iruzkin

Ustela Saila

 

Panpina ustela izena zeraman euskal literatura jorratzen zuen aldizkaria aurreko mendearen bukaeran (1975ean). Bernardo Atxaga eta Koldo Izagirre gazteek kudeatzen zuten eta hiru ale besterik ez zituen erdietsi, biak 1976an, Zorion ustela eta Mermelada ustela izenburukoak.

Artean, Carabanchelgo geletan nengoen ni, giltzapean baina euskal kulturari jarraitu nahian eta, zinez, zorion ustela suertatu zen handik kalera irten eta frankismoak osasuntsu segitzen zuela ohartu ginenean. Halere, Izagirreren ekimenez, Ustela Sailak aurrera iraun zuen eta, ene uste apalean, hor dauzkagu paperean, zuriaren gainean beltzez, euskal literatura berriaren haziak.

Orduko garaia, nola ez, krisi ekonomikoaren bolada izan zen. Petrolioak asaldatu zituen salneurriak eta diruaren balioa jaitsi zen baina aipatu Ustela Sailak haren  gizarte irakurketa egin ahal izateko bideak eskaini zizkigun. Literaturaren balioak, beraz, jaitsi beharrean, gora jo zuen.

XXI. mende honen hastapenetan, berriro, ekonomiaren krisiak eragin digu. Delako krisi ziklikoa, bada. Izan ere, XIX. mendean lurrak pribatizatu ziren eta XX. mendean, aldiz, industria handiak, oraingo honetan, XXI. mendeko pribatizazioa finantzei dagokielarik. Gauzak horrela, gurean behintzat, XIX. mendeko lurren pribatizazioak ( desamortizazioak) arlo komunalak bakar batzuen esku utzi bazituen ere, XX. mendeak estatuen menpeko ekoizpen sistemak (lantegiak, komunikazio azpiegiturak eta kontsumorako ehundurak…) esku pribatuei helarazi zizkien. Agur Labe Goriak, RENFE, SNCF, Tabakalera nahiz Telefonika…eta ongi etorri inbertsio pribatuari, beraz.

Orain, noski, Kutxen garaia da. Haiei ere pribatizatzeko agindua iritsi zaie. Publikoa den guztia desagerrarazi  behar baita. Herriak ez dira existitzen gizabanakoen arabera gobernatzen den moderniaosteko gizarte honetan. XXI. mendean, alegia.

Eta ustelkeri indibidualak?, honetaz probestu nahian harrapatu dituzten politikariak nahiz enpresariak?...iritzi publikoari botatako amuak besterik ez dira. Jendea erratzeko trikimailua.

Ustelkeri indibidualik badagoen jakin arren atzemandakoek gizarte honen ustela saila ezkutatzeko balio dute soilik. Gizartearen pribatizazio jite historikoa da gerarazi behar dena eta, besterik ezean, baita mermelada ere ustelduko da. Eta eros araziko digute, gainera.

Fito Rodriguez. 

/
azken post-ak
azken iruzkinak