0 iruzkin

zein hautatu?, nork aukeratu?, noiz arte erabaki gabe utzi?

Maiatzaren 1ean Internazionala abestu ohi dugu euskaldunok baina ez gaztelerazko itzulpena ezta frantsesezezko jatorrizkoa ere behintzat…eta, noski, euskeraz abestuz gero, zein bertsio izaten da egokiena? Historikoki begiraturik 1932ko Aberri Egunean Eusko Ekintzak plazaratutakoa dugu lehendabizikoa. Internazional honen egilea gure senidea zen Odon Apraiz arabarrak egin zuen. Eusko Ekintzaren sortzailetariko bat, eta euskalzalea oso baina bertsio honek ez zuen zabaltasun gehiegirik izan. Honela zioen:

“Inun be’ez txiro’ta aberatsik

piper potia birrindu

jopuak beharrez buitza’uta

ogia geurenduko’gu

Gizon oro askatu

baita aberri danak

zuzentzea, bakea,

behera izkiludunak.

Gizon oro askatu

baita aberri danak,

didartu daigun batera

lur-anaitasuna oso.”

Gabriel Arestik egindako itzulpen artean omen dago jarraian datorren Internazionalarena (Eugène Pottieren fratsesezko bertsiotik ekarria) Honela dio:

“Zutik! Munduko langileak,

garai dezagun gosea!

Odoltzaren ondean

sarri datorkigu asea!

Burjesiaren hilobitzat

zabal dezagun lezea,

harekin ehortziko dugu

eman daukun oinazea.

Gora herri-artea,

agintera zuzen;

gure azken gerra

bizkor etorri zen.

Ohiuaren ederra,

garbi eta hozen!

Munduko langile guztiak

bat egin gaitezen!.

Euskadiko Ezkerrak, berriz, 1977ko hauteskunde kanpainiako mitin batean jarraian datorrena zabaldu zuen Arestirena ere bazela esanez baina, egia esanda, haren egiletza frogatzeke dago. Honela dio:

“Zutik lurrean kondenatu

zaren langile tristea,

nekez ginen elkarganatu

indazu albiristea.

Gertatuak ez du ardura,

jende esklabua jeiki,

aldaketak datoz mundura,

nor den herriak badaki.

Oro gudura ala!…

Bihar izan dadin

Internazionala

pertsonaren adin”.

Koldo Izagirrek, aldiz, ‘Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak’ komikiaren itzulpenean horrela paratu zuen 2018an:
“Zutik, lur osoko behartsu,
zutik, samalda gosetu!
Arrazoia abiatu da,
goazen eskuz esku!Belar gaiztoa jorratuta
zutik, zutik, jopu dena!
Munduan ezer ez garenok
izango gara dena!

 

Azken borroka dugu,
heldu elkarrenagana,
gizatasuna da
internazionala !”

Herrikoia dugu azken hauxe:
“Zutik, munduko langileak!
Zutik, ogirik gabeak!
Zapaltzaile denen aurrean
altxa, iraultzaileak!
Iragana suntsitu behar da.
Jende esklaboa, jaiki!
Aldaketak datoz mundura
eta herriak badaki!
Elkar gaitezen denok
azken borrokara.
Internazionala gure iraultza da.”

Munduko langileriaren ereserkia euskeraz abesteko ez dirudi Apraizen lehen proposamena ezta Arestirenak ere oso egokiak direnik kanturako. Azken hirurak, ordea, 1972koa, Koldo Izagirreren bertsioa eta azken abesti herrikoia, berriz, erraz bezain ondo moldatzen dira. Ereserki bihurtzeko, halere, ahalik eta erabililera bateratua eta zabalena beharko genuke…horretarako goian aipatu haietako zein hautatu?, nork aukeratu?, noiz arte erabaki gabe utzi?

/
azken post-ak
azken iruzkinak