Hitzak zehaztasun ahalik handienarekin erabiltzearen aldekoa naiz. Batzuetan ez du askorik inporta. Askotan ez da batere erraza. Baina sekulako garrantzia dauka, hil ala biziko gaiez ari garenean.
Horrelakoetan eufemismoa, hiperbolea edo zehaztugabetasuna saihestea komeni da; baita, deskripziotik harago, ebaluazioa gordetzen duen terminoa ere. Esan nahi dena argi esatera mugatu, kito.
Hitzaren aukerek, hiztunaren jatorri, edukazio, klase, ideologia edo adinari buruzko zantzuak eman ez eze, ondorio hilgarriak izan ditzakete maiz. Horregatik da ona genozidioari “genozidio”, apartheid-ari “apartheid”, edo okupazioari “okupazio” esatea; horregatik da adierazgarria palestinar “presoen” eta “bahitutako” israeldarren artean bereiztea; batzuk “terrorista”, besteak “soldadu”. Injustizia indartzen dute aukera batzuek; heriotza eta beldurra zabaldu.
Nahiko argi hitz egin berri du “Zedarriak Foroa” izeneko enpresarien lobbyak: nazioarteko egoera katramilatsuak “aukera bikaina” zabaltzen omen du “segurtasun eta defentsa industrian”, eta, besteak beste, NATOren buruaren gomendioekin bat eginda, “aholkua” oparitu dio EJri: handitu dezala aurrekontuetan “defentsa”-rako aurrekontua –hor “gerra” esatea zehatzagoa litzateke– eta lagun dezala armagintza industria diru publikoz, “Euskadin ia osorik desagertu” omen da-eta.
Ez dakit azken horrekin egia erdia, gezur erdia edo, Trump eta bere lagunen ereduari jarraiki, gezur konpletoa esaten ari diren. Hego Euskal Herrian azken 15 urteetan armagintza hirukoiztu egin dela dio “Gasteizkoak” talde antimilitaristak, behintzat.
Nolanahi ere, apustu egingo nuke euskal herritar gehienok nahiago genukeela armagintza erabat desagertuko balitz; enpresariek ez bezala, nahiago dugula “aberasteko aukera bikainari” muzin egin, genozidio, hilketa eta gerren konplize lanak egin baino; nuklearrari eta NATOri behin esan genien bezala, esaten diogula orain armagintza indartzeko mehatxuari ere: “Ez, eskerrik asko”. Galdetu, bestela.