Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Amets zahar eta berri

Euskadi independente, sozialista, euskalduna eta batua. Horrela zehaztu zituzten gazte batzuek euskal nazio askapenerako mugimenduaren helburu estrategikoak. Adin guztietako jende askoren ametsak islatu zituzten horrela. Estatu propioa izango zuten egunarekin amesten zuten, langileen esplotazio kapitalistak tokirik izango ez zuen eta, bere zazpi lurraldeetan, hizkuntza hegemonikotzat euskara izango zuen estatu bat sortuko zuten egunarekin. 60 bat urte geroago, «tokitan da!» esango du hainbatek.

Euskal Herria zatikatzen duten bi estatuek euskal identitateari eragindako zauria gero eta nabarmenagoa da, zinez. Egunotan BAB2 eta Max Centerretik buelta bana ematea nahikoa da egiaztatzeko ez dagoela espainiar eta frantziar kulturetan urtu ez den euskal identitatearen arrastorik. Eta zer esan sozialismoaz (edo sozialdemokraziaz, nahiago baduzue)? Neoliberalismoan murgilduta segitzen du euskal burgesiak, armagintzan, enpresa eta zerbitzu publikoen pribatizazioan, ingurumenaren ustiatze basatian eta genozidekin elkarlanean. Euskarari dagokionez, errespetu pixka bat eskatzea bera ere iraultzailea gertatzen da oraindik. Gazte zoro batzuen amets zoroak, hortaz? Hamarkadetako lozorroaren ondoko esnaeran ondutako amets antzuak? 

Pentsa une batez nolakoa izango litzatekeen gaurko Euskal Herria gazte haiek amets handirik egin ez balute. Nolako literatura izango genuke? Nolako artea? Nolako hezkuntza eta unibertsitatea? Bizirik iraungo al luke euskarak eta euskal nazio identitateak inon? Bizirik iraungo al luke mundu berri baterako ametsak gure artean? Agian, gazte haien ametsak inguruan detektatutako premia nagusien zerrendako lerroak ziren, mundu oniriko baten emaitzak baino gehiago; eta hurrengo hamarkadetan denon artean lista zaharberritu eta luzatu egin dugu, askatasun, berdintasun eta justizia printzipioetan oinarrituta. Amets haietatik datoz, akaso, Euskal Herriaren askatasunarekin ez ezik, Palestinaren edo Sahararen askatasunarekin egiten ditugunak. Hala izan ala ez, urtea joan eta urtea etorri: amets berri on!

Bilatu