Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Apalari gorazarre

Umildadea (xumetasuna, apaltasuna) ez dakit bertutea den ala ez. Akinasek baietz esan zuen. Aristotelesek ezetz. Edo duda egin zuen, behintzat. Lotsa gisa ere itzul daitekeen hitza erabiltzen omen zuen, eta interpretazioak ez datoz bat. David Hume ere ezezkoan zegoela dirudi. «Fraide bertutea» esaten zion behintzat. Bera bezalako ateo porrokatu batengandik etorrita, ez dirudi bertute loriagarri irizten zionik. Nik ildo beretik joko nuke, ezagutu ez banitu apaltasuna eta fraidea, frantziskotar fraidea eta umildadea, bat eginda.

Pello Huizi Petrikorena Aranon sortu zen 1942ko azaroaren 27an, eta hamar urte bete zituenerako Arantzazura bidalia zuten frantziskotar ikasketak egiteko. Urte gogorrak nozitu behar izan zituen han. Garai hartan zigor fisikoa sarri erabiltzen zutela entzuna dut, baina Pellori bi aipamen aditu nizkion soilik –bi baieztapen, ez bi kexu–: urte oso bat pasatu behar izan zuela ohean gaixo, organoa jotzen ikastea tokatzen zitzaionean; eta lauzpabost urte igaro behar izan zutela Aranoko baserrira itzuli eta ama berriz ikusi ahal izateko. EHUtik erretiroa hartu zuenean gogo eta diziplina handiz heldu zion piano eskolak hartzeari. Haur edo nerabezaroko amaren galerak utzitako hutsa betetzeko modurik topatu zuen ez dakit.

Teologia ikasketez gain, Filosofia eta Psikologia ikasketak ere egin zituen. Zorroagan, lehenik, eta Ibaetan, gero, Psikologiako eskolak eman zituen 1982tik aurrera. Unibertsitateko lehen urtean izan nuen nik irakasle eta, urteak pasatuta, ILCLIko ikertzaile gisa eta “Gogoa” aldizkariaren sorreran eta ibilbidean lankideak izan ginenean, gizalegezko begirune akademiko eta pertsonala zor niola sentitzen nuen. Pellok, ordea, hierarkia iraultzen zuen elkar ikusten genuenero. Ikaslea bera balitz bezala jokatzen zuen nirekin, eta ezinegona eragiten zidan horrek. Frantziskotar izaerari egozten nion egoeraren absurdoa hasieran. Apaltasuna berezkoa zuela pentsatu nuen gero. Eta lotsarekin ere nahasten zuela. Martxoaren 30ean hil zen Bermeon. Umildadea bertutea izan ala ez, Pellok –apalak– merezi du gorazarre.

Bilatu