Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Armak

Esan ohi da egia dela gerretan galtzen den lehenengo gauza. Eta egia da akaso. Baina ez da egia txikiagoa hipokrisia dela azaleratu ohi den lehenengoa. Eta ezjakintasuna hurrena.

Ukrainako gerra piztu zen egunean, berria eman eta berehala Eusko Jaurlaritzako  sailburu Arantxa Tapiari eman zion hitza ETBko albistegiak. Krisi humanitarioaren aipamen txiki baten ondoren, euskal enpresentzat izango zituen kalteez aritu zen sailburua: ordurako enpresaburuak sumatzen hasiak omen ziren ondorio txarrak beren «eskabide-zorroetan». Gerra hotsak entzun orduko, kezka horixe piztuko zitzaigula pentsatu zuten, sobrare, ETBko arduradunek eta sailburuak: gure enpresaburuen eskabide- eta diru-zorroak oso presente dauzkagu euskal erditarrok gure telebista eta agintari txit gorenei esker.

Baina gerrez eta diruaz hitz egiten hasita, kalteekin batera, onurak ere erraz datoz burura. Hitz egin dezagun irabaziez. ETBko kazetariei ez zitzaien kontu esanguratsua iruditu, baina galdera ez da horren aldrebesa ere: armagintzan diharduten euskal enpresen eskabide-zorroak zer ari dira nozitzen, gorako ala beherako joera? Zein da bietan bezerorik onena: Ukraina ala Errusia? Pasatzen al da gure itsas portu, aireportu eta errepideetatik Ukrainara edo Errusiara doan arma-bidalketarik? Eta behin galdetzen hasita, Hego Euskal Herriak NATOri ezezkoa esan izana eragozpena al da gure enpresariek NATOko herrialdeei armak saltzeko? Oro har, zer egin du euskal armagintzaren industriak azken urteetan, gora ala behera? Izan al du covid-19aren pandemiak eraginik industria horretan? Jasotzen al dute dirulaguntza publikorik?

Esan ohi da egia dela gerretan galtzen den lehenengo gauza. Eta egia da akaso. Baina ez da egia txikiagoa hipokrisia dela azaleratu ohi den lehenengoa. Eta ezjakintasuna hurrena. Eta ahanztura gero. Ez dugu bertako arma-industria kuestionatzen, baina bakezale amorratu gisa azaltzen gara. Ezer gutxi dakigu Errusiaz eta Ukrainaz, baina nazioarteko analisten antzera dihardugu NBEk hartu beharko lituzkeen neurriei buruz. Eta armak Yemenen edo trenak Palestinan, berdin saltzen ditugu gure printzipio etikoak txanpon gutxi batzuen truke. Merezi ditugun telebista eta agintariak dauzkagu agian. Hemen eta munduan.

Bilatu