Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Autodefentsa autista

Pentsatzen duguna da bizitza zein zaila litzatekeen pertsona autista baten zaintzaren ardura bageneuka, ez nolakoa litzatekeen bizitza autista bagina.

Baten batzuok “Rain Man” filmaren harira izan genuen autismoaren berri. Dustin Hoffmani aktore onenaren Oscar saria eman zioten autistaren rolean egindako lanagatik, baina esango nuke berak pasatzen zituenek bezainbat hunkitu gintuztela, edo gehiago, anaia guapoak beragatik sufritu behar zituenek. Errazago irudikatzen genuen geure burua anaiagatik bereak eta bi egiten zituen Tom Cruise «normalaren» tokian, autistaren tokian baino, alkandora lepo-muturreraino lotua, bizkarra uzkur, ibilkera baldarra eta adimen aritmetiko ezohikoa zuen Hoffmanenean baino. Ez da harritzekoa; iheslarien kasuan ere egiaztatzen ari gara azkenaldian. Berdinarekin errazago sentitzen dugu enpatia –berdintzat hautematen dugun ilehori eta begi-urdinarekin, alegia–, desberdinarekin baino –azal iluneko afrikar edo asiarrarekin baino–. Autisten kasuan, gainera, haien zaintza daukaten senideen ahotik jaso ohi dugu bizi dutenaren berri. Eta pentsatzen duguna da bizitza zein zaila litzatekeen pertsona autista baten zaintzaren ardura bageneuka, ez nolakoa litzatekeen bizitza autista bagina.

2007ko abenduan New Yorkeko Unibertsitateko Haurren Estudioen Zentroak, bere borondate onenarekin agian, autismoari buruzko publizitate kanpaina erraldoi bat egin zuen, gerora «erreskate ohar» gisa ezagutu zirenekin. Haur autistak bahiketa baten biktimekin konparatzen zituzten: «Zure haurra daukagu. Bermatuko dugu bizi den artean ezingo duela bere buruaren ardurarik hartu, ezta gizartean jardun ere. Hau hasiera besterik ez da. Autismoa.» Jite horretako mezuekin bete zuten hiria, eta autista askoren pazientzia agortu. Autistic Self Advocacy Network (ASAN) sortu berriak bertan behera uztea lortu zuen.

Argi esaten dute autodefentsa autisten sarekoek: «Desberdin pentsatzen dugu; desberdin prozesatzen ditugu gure zentzuak; desberdin mugitzen gara; desberdin komunikatzen gara; desberdin sozializatzen dugu; laguntza behar izan dezakegu eguneroko bizitzarekin». Baina ez dute inor nahi, eurei buruz euren izenean hitz egiteko. Nothing About Us, Without Us! Haiena da hitza. Eta erabakia.

Bilatu