Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Basque cinema

Aurten ez naiz zinemaldian ibili. Komunikabideetan ere ez dut apenas segitu; pare bat zutabe, besterik ez. Eman zidaten zer pentsatua, hala ere. Martxelo Otamendiren ‘Berria’-ko zutabeak eman zidan atentzioa aurrena: Zinemaldiaren irekiera galaren hasieran ez omen zen aurkezle euskaldunik eta, are okerrago, iseka egin omen zioten euskarari; euskaldunak barregarri utzi. Ez dakit zenbat euskaldun izango ziren, baina umiliazioa irentsi eta ez bide zuten aretoan kexarik adierazi.

Arreta eman zidan bigarren zutabea hementxe Txoli Mateosi irakurritakoa izan zen. Gaztelaniatik euskarara, horrela ekar daiteke entresaka: «Euskal Herrian gaztelaniaz nahiz frantsesez egiten den zinema euskaraz egindakoa bezain euskalduna da». Baina, jakina, igual ez nuke horrela itzuli behar. Horrela jarrita, absurdotzat jo daiteke zuzenean. Nola izango da ba euskalduna frantsesez edo gaztelaniaz egindakoa? Ingelesez egindakoa ere, euskalduna izango da, hortaz, hemen egina bada? Itzulpen egokiaren auzira eraman dezake horrek eztabaida. Zein da “vasco/basque”ren ordain zuzena? 1989ko AEKren lelo hura ekar genezake gogora: “Ser vasco no es suficiente, izan euskaldun!”

Eztabaida zaharra da. Horretan bat nator Mateosekin. Eztabaida nahasia izan liteke, gainera. Niri ez dit lagundu, adibidez, Nico Williamsekin egiten duen konparazioak. Ez dakit euskalduna den –euskaraz mintzatzeko gai den– eta euskalduna izan nahi duen ere. Komeni da akaso kontuari bestela heltzea. Euskal identitate nazionalaren marka nagusia euskara da eta hizkuntza gutxitua da; desagertzeko arriskuan dagoena, babes politiko, ekonomiko eta legala emango dion estaturik gabe. Espainiar eta frantziar estatuak gaztelania eta frantsesa inposatzen ari dira; hizkuntza-injustizia nabarmen gauzatzen. Egoera horretan, asmoak asmo eta usteak uste, euskaraz egindako filmak euskararen alde egiten du, hizkuntza gutxituaren alde. “Basque” “vasco”, ala “eusko”, estatu hizkuntzen homogeneizazioaren alde egiten dute gaztelania eta frantsesezkoek; injustizia linguistikoa betikotzearen alde.

Bilatu