Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Behin eta berriz

Gero eta zabalagoa da aldarrikapen hauekin bat egiten duen gehiengo soziala. Eta ez du etsiko preso eta iheslari politikoak etxean eta libre izan arte.

Kausa noble baten alde, jopuntuan den autoritateak ulertuko ez duen hizkuntza bateko letrak dauzkaten eta oso gustuko ez dituzuen kantak joko dituzten kontzertu batera zoazte, jende pila batekin batera?», galdetu zigun atzerriko lagunak. Galdera ez zihoan oso desbideratuta. Baina akaso inoiz ez diot kontua behar bezala esplikatu.

Agian ez diot sekula azaldu gurean presoen eta iheslarien aldekoa izan dela, seguru asko, gehien iraun eta jende gehien mobilizatu duen herri borroka. 70eko hamarkadaren bukaeran gogor jaio zen eta garaitza inportantea lortu zuen: amnistia partziala. Laster bete ziren berriz kartzelak, ordea. Milaka izan dira ordutik euskal preso eta iheslariak. Horietako asko torturatuak, eta torturak lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioekin, epaile edo tribunal espezialek espetxeratuak. Beste asko errugabe jota, edo epairik gabe ere, behin-behineko kartzelaldi luzatuetara kondenatuak.

Hasieran Espainiako espetxe gutxi batzuetan zeuzkaten, eta elkartasuna haietara eramaten zen. Ikaragarria izaten zen Mantxarako martxa. Autobus ilara luzeek haraino eramaten zuten kontzertu solidarioa. Kapa berde anakronikoa zeramaten guardia zibilek bertatik bertara entzun behar izaten zituzten kantak. Gero sakabanatu egin zituzten presoak, eta iheslariak hil edo herrialde urrunetara deportatu. Eta urtero manifestaziorik handiena egiten zen Bilbon, eta elkarretaratzeak ostiralero herriko plazetan. Boluntarioek egiten zituzten senideen txofer lanak. Eta elkartasuna eta defentsa bera debekatu zuten: abokatuak preso; isuna, senide presoaren argazkia erakuste hutsagatik.

Amnistia aldarrikatu zen, eta ez zela negoziatzen. Gutxienez Euskal Herriratzea gero, eta legea betetzea ere ez litzatekeela gutxi izango, kartzelak behingoz husten hasteko. Gero eta zabalagoa da aldarrikapen hauekin bat egiten duen gehiengo soziala. Eta ez du etsiko preso eta iheslari politikoak etxean eta libre izan arte. Beharrezkoa baldin bada, esplikatuko diot hori atzerriko lagunari. Eta oso gustuko ez dudan kantaren bat ere abestuko diot agian. Behin eta berriz.

Bilatu