Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Benahoare

Zitekeena zen La Palmakoei, kanariar guztiei bezala, egunotan ingelesez entzutea, une erabakigarri batzuetan gauzak bestela gertatu balira.

La Palmari hala esaten omen zioten bertakoek, gaztelauen konkistaren aurretik. Zazpi kanariar irla nagusietan azken-aurrekoa izan zen uretatik altxatzen, orain bi milioi urte, gutxi gorabehera. El Hierro izan zen azkena. Gaztelauen eskuetara erortzen ere azken-aurrekoa izan zen La Palma, 1492an. Tenerife, azkena.

Gaur egun gaztelaniaz hitz egiten dute, Iberiar penintsulakoarena baino, Kubakoaren antz handiagoa daukan gaztelaniaz. Baina zitekeena zen La Palmakoei, kanariar guztiei bezala, egunotan ingelesez entzutea, une erabakigarri batzuetan gauzak bestela gertatu balira.

Horatio Nelsonen gidaritzapean britainiar Armadak 1797an Teneriferi jotako erasoa izan zen horietako bat. Gudua eta besoa galdu zituen Nelsonek. Kanariar askok diote sartzen utzi behar ziotela Nelsoni, eta ateratzen utzi ez Francori.

1898an Espainiarekin gerran sartu zirenerako, AEBek Kanariak inbaditzeko plana prestatua zeukaten. Baina, gerra irabazita, nahikoa iritzi zioten, sobrare, Kuba, Puerto Rico, Guam eta Filipinak bereganatzeari.

1941ean, Franco, Hitlerren laguntzarekin, Gibraltar bereganatzen saia zitekeela-eta, britainiarrek «Pilgrim» operazioa diseinatu zuten Kanaria uharteak inbaditzeko. Francok atzera egin omen zuen Gibraltarreko auzian, eta britainiarrek ez zuten operazioa martxan jarri.

Egunotan, espainiar eta euskal komunikabideak sumendi sortu berriari izena inposatzen ikusita –«Cumbre Vieja»-n sortu da, bai, baina bertakoek ez diote izenik jarri oraindik–, galde lezake batek: gaztelauek guantxeen sarraskia, esklabotza eta desagerpena ekarri ez balute, herri askea litzateke gaur? Edo britainiarrek nahiz AEBetakoek konkistatu balute, deskolonizatuta legoke? Independente? Kanariarrek zein azenturekin hitz egingo lukete orain ingelesa?

Garrantzi gutxi dauka horrek guztiak, bai, sumendi batek zure etxea eta soroa lurpera ditzakeenean; ados. Baina, nolanahi ere, ETBk ez bezala, kanariar kate autonomiko publikoak antz handiagoa dauka BBCrena, Tele5rena baino. Kontsolamendu eskasa da, baina gu baino lasaiago egoteko arrazoia daukate, horretan behintzat.

Bilatu