Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Berandu dabiltza

Goiz batean Askatasunaren hiribideko "Radio San Sebastian" irratiaren egoitzan sartu ginen, bakean eta lasai, agiri bat leitzeko asmoz.  Ez genuen lortu.

Zorroagako muinotik jaitsita, “Mikel non dago?” oihukatuz ibili ginen ikasle eta irakasle talde bat Donostiako kaleetan aste oso batez. Kaka kolorea zeukaten kaskodunek lasai antzean jarraitzen gintuzten kolore bereko furgonetetan. Lanegun goizetako kale erdi-huts haietan, unibertsitario mordoxka hark ez bide zuen oldarraldi baten lanik ere merezi. Egunez egun ezgauza sentitzen ginen, izugarrikeriaren tamainaren aurrean, protesta eraginkorrago bihurtzeko. Hedabide nagusiek, agintari guztiekin bat eginda, ezer gutxi zeukaten esateko, Intxaurrondokoen bertsio ofizialaz gain. Goiz batean Askatasunaren hiribideko “Radio San Sebastian” irratiaren egoitzan sartu ginen, bakean eta lasai, agiri bat leitzeko asmoz. Ez genuen lortu. Eta programazioan ez genuen etenik eragin. Ateratzerako, pasilloa eratuta zeukaten. Orduan probatu nuen sorbaldan kaka kolorekoen borra beltzaren zartakoa.

Mikelen gorpua agertu zen, baina agintariek, eta haiekin lerratutako hedabideek, ez zuten kategoria moralik txikiena erakutsi, bertsio ofiziala salatu eta ordu arteko jokabidearen autokritika egiteko. Inozoak gu, bestelakorik esperoz gero. Mikel Zabalzaren kasutik harago, oker egoteko beldur handirik gabe esan daiteke hedabide nagusiak boterearen konplize izan direla, azken 50 urte hauetan zehar, herri-borroken isiltze eta zapalkuntzan.

Egunotan Mikelen kasua edo Burgosko prozesuarena ekartzen ari dira, herabe, beren orri eta uhinetara. Euskaraldian parte hartu dute, uzkur. Zer esan zuten Francoren erregimenaren kontra? Eta noiz? Non zeuden ikastolen eta euskaltegien defentsan edo “Bai Euskarari!” kanpainan? Zer esan zuten GALi buruz? Eta Lemoizi buruz?

Nik uste dut botereari lotuta egon diren eta dauden hedabideei abegi ona egin behar zaiela Burgosko prozesuaren salaketara, edo Mikel Zabalzaren hilketarenera, edo euskararen aldeko jarreretara batzean, bat-egite eskasa edo interesatua iritzi arren. Baina sinesgarritasunik batere irabazi nahi badute, ondo etorriko litzaieke orduko jokabide haien azalpenen bat ematea. Berandu dabiltza honezkero.

Bilatu