Palestinan genozidioak eta apartheidak aurrera segitzen duten bitartean, baliteke hemen erreakzionatzeko gaitasun minimoa galtzen aritzea. Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusiaren atxiloketa-aginduari muzin egitea nahikoa ez, eta ohorezko harrera ere egin dio AEBetako Kongresuak XXI. mende laurden honetako gerra-kriminalik handiena izan litekeen Benjamin Netanyahuri. Hainbat protesta izan da AEBetan, baita bertako juduen aldetik ere; gure artean, aldiz, oihartzun eskasa izan dutela esango nuke. Komunikabideentzat beste gai bat gehiago baino ez da eguneroko albistegien errutinan. Herritarrok asaldatzeko gaitasuna galtzen hasiak gara akaso, Olinpiar Jokoei begira.
Palestinari buruz hitz egiteari ez uzteko eskatzen digute handik. Erraza da hori. Hitz egin dezakegu. Hitz egiten dugu. Eta gehiago ere egiten dugu. Manifestaldiak egiten ditugu, han eta hemen Palestinako banderak jarri, kufija jantzi… Hori bai, hitzetik edo sinbolotik harago ez doazen ekintzak dira gehienak, erakunde publikoek egiten dituzten deklarazioen modukoak. Israelgo Estatuaren interesekin lotura duten enpresa eta erakundeekin harremanak etengo direla esan bai, baina eten ez. Palestinako estatuaren onespena bera balio efektibo gutxikoa da, harreman diplomatikoak eta armen salmenta eteten ez badira.
Ekintza testimonialez harago badago zer egina, hala ere. Hasteko, erne egon gaitezke alderdi politikoek, sindikatuek, diputazioek, gobernu autonomikoak eta foralak Israelgo Estatuaren interesekiko loturak benetan hausten dituzten egiaztatzeko. Praktikan zer egin dute, ezer egin badute, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak eta sindikatuek CAFek Israelekin duen kontratua eteteko, adibidez? Bestalde, gure kontsumo-hautu indibidualak jokabide orokor bihurtuta, zer pentsatua eman diezaiokegu genozidioarekin eta apartheidarekin kolaboratzen duen hainbati. Nabarituko al dute Carrefour, Coca-Cola, HP, Nestle edo Pumak euskal herritarron gehiengo zabal batek genozidio eta apartheidaren kontra egiten duela, Palestina libre baten alde? Hori gure esku dago.