Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Casablanca

Aspaldi nekien gure herriaren txikitasunaren berri, eta mendebaldeko unibertsaltasunaren mugen berri ikasi nuen orduan. Mundu guztiak ez dio Hollywoodeko doinuari dantza egiten.

Binaka egiteko ariketa jarri zigun ingeles irakasleak. Pelikularen bateko pertsonaia pare bat aukeratu, elkarrizketa asmatu eta antzeztea zen kontua. Arabiarra zen nire ikaskidea, edo herrialde musulman batekoa behintzat; ez naiz akordatzen justu nongoa. Saiatu ginen biok ezagutzeko moduko filmen baten bila, eta ez zegoen zer eginik. Ez zuen "Casablanca" ezagutzen, ez Humphrey Bogart, ez Ingrid Bergman, ezta "The African Queen" edo Katharine Hepburn ere. Ez zuen Peter O’Toole edo "Lawrence of Arabia"-ren berririk, ezta Omar Sharifenik ere. Berak aipatu zizkidan film eta aktoreetatik nik ere ez nuen bakar bat ere ezagutzen eta, jakina, ez genuen ariketa bukatzeko denborarik izan. Aspaldi nekien gure herriaren txikitasunaren berri, eta mendebaldeko unibertsaltasunaren mugen berri ikasi nuen orduan. Mundu guztiak ez dio Hollywoodeko doinuari dantza egiten. Ezagutzen ez ditugun doinu propioak dauzkate.

Nire ikasleek ere ez dute Bogart ezagutzen, ez "Casablanca" ez Bergman. Ezta Charlton Heston edo "Ben-Hur" ere. Belaunaldien arteko mugak antzeman ditut; zahartzen ari naizela, alegia. Bai. Hala ere, gaitz erdi, gure gazteen ezjakintasuna Hollywoodeko zinema klasikora mugatuko balitz. Artizarra gora eta behera gabiltza azken asteotan, eta Ruper Ordorikak kantatzen duen Sarrionandiaren "Galtzetan gordetzeko koplak" poema ezagutzen ote duten galdetu nien. Bakar batek esan zidan baietz. Eta ez nuen galderekin segi. Ez nien galdetu, badaezpada ere, Tinduf izena inoiz entzun duten. Edo Telesforo Monzonen berririk ba ote duten, edo Pantxoa eta Peioren kantarik ezagutzen ote duten; ba ote dakiten zein izan zen Saseta edo Mendizabal. Eta, gaurko ikastoletan, abesten ote duten haien izenik.

Lasai egon daitezke bihotz oneko EAEtarrak. Kultur doktrinatze abertzalerik inoiz egon bada, ez da gehiago existitzen. B2 mailak euskararen ezagutza nahikorik bermatzen ote duen zalantzazkoa da, baina segurua da EAEko biharko eskoletan berdinak izango direla Heston eta Saseta, Txikia eta Bogart. Inor ez.

Bilatu