Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Chomskyren izena

Izan liteke, beste hizkuntzetan ez bezala, euskarazko eta gaztelaniazko saiakera ez-akademikoetan erreferentziak ez direlako oso ohikoak, baina kosta egiten zait ikasleen buruetan sartzea

Urtea joan eta urtea etorri, behar bezala irakasten gehien kostatzen zaidana ez da Fregeren esanahiaren teoria, edo Russellen deskripzioen teoria, edo Wittgensteinen Tractatus-a, ez. Ez da proposizioen logika edo lehen mailako predikatuena. Ez da gai mamitsu bati dagokiona. Askoz samurragoa den kontu bat da, filosofia nahiz edozein zientzietako idazkuntza arauei dagokiena. Honako hau: zientzietako nahiz filosofiako edozein testutan erreferentzia bibliografikoak eman behar dira, eta behar bezala eman. Chicago edo APA estiloan, edo bati egokien iruditzen zaionean, baina behar bezala identifikatu behar dira norberaren lanaren iturriak. Beste batenak hitzez hitz aipatzen direnean komatxoak erabili behar dira. Eta ondoan erreferentzia eman. Eta aipuaren ordez, parafrasia egiten denean, komatxoak ez, baina erreferentzia bai; erreferentzia behar bezala eman behar da. Eta hitzak ez, baina besteren baten ideiak ekartzen direnean, erreferentzia eman behar da, eta iturria aitortu.

Plagioa da, bestela. Eta jokoan dagoena ez da copyright-a; idazle akademikoek nekez daukate halakorik. Kontua etikoa da –hitz edo ideien zorrak aitortu egin behar dira– eta zientzia-metodologiari buruzkoa –iturrira zuzenean jotzeko modua eskaini behar da–. Graduko irakaskuntzan esaten dut, eta graduondokoetan errepikatu, baina doktore-tesietan zuzendu behar izaten dut ia beti. Izan liteke, beste hizkuntzetan ez bezala, euskarazko eta gaztelaniazko saiakera ez-akademikoetan erreferentziak ez direlako oso ohikoak, baina kosta egiten zait ikasleen buruetan sartzea. Urtea joan eta urtea etorri.

Autoritatearen argudioa, hori nonahi ikusten dut gure berripaper nahiz saiakera ez-akademikoetan. Eta bertan behera uzten dut, halabeharrez, «Kapuscinskiren arabera» edo «Lacanek ondo dioen bezala», horrelaxe, batere erreferentziarik eman gabe, esaten duen testua. Aristotelesen izena denetarako erabiltzen zuten Erdi Aroko fraideak datozkit burura. Eta esaldi hau: «Ez duzu Chomskyren izena alferrik erabiliko». Ez dakit hau nondik atera dudan. Oporrak behar ditut.

Bilatu