Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Dresden

Ona da gure osasun etiko eta moralarentzat Dresdengo sarraskia gogoratzea. Eta bidezkoa da erdeinua adieraztea horrelako sarraskiak eta makineriak behar ditugula uste dutenei.

Ez dago ezer inteligenterik esaterik sarraski bati buruz. Mundu guztiak hilda behar du, ez du inork inoiz gehiago ezer esan behar, ezer nahi. Guztia isil-isilik egon behar da sarraski baten ondoren; eta halaxe egoten da beti, txoriak izan ezik».

«Esan diet nire semeei ez dutela inoiz sarraskietan parte hartu behar inolako moduz ere, eta etsaien sarraskien berriek ez dituztela asebete edo poztu behar».

«Esan diet ere ez dezatela lan egin sarraski-makineria egiten duten konpainientzat, eta erdeinua adieraz diezaietela horrelako makineria behar dugula uste dutenei».

Horrelakoak irakurri ditut azken egunetan eskuratu dudan “Slaughterhouse-Five” Kurt Vonneguten liburuko lehen orrialdeetan. Eta horrelako gehiago ere irakurriko ditut seguru asko hurrengoetan. Halaxe izan dut Bigarren Mundu Gerran Dresden hiri alemaniarrak jasandako bonbardatze izugarriaren berri ere. Vonnegut gaztea, alemaniar jatorriko estatubatuarra bera, alemaniarrek hartu zuten preso 1944ko abenduan, eta preso pasa zituen gerraren azken hilabeteak Dresdengo hiltegi batean. Han harrapatu zuen estatubatuar eta britainiar abiazio indarren bonbardaketa ikaragarriak. 25.000 zibil inguru hil zituzten aliatuek, haurrak asko. Hiria txiki-txiki utzi zuten bonba su-eragileek. Ordukoak kontatzen ditu Vonnegutek liburu bitxi eta mingarrian. Filma ere egin omen zuten, baina nik ez dut oraindik ikusi. Txikitan telebistan txuri-beltzean ikusten nituen gerra filmek ez zidaten inoiz Dresden aipatu.

Madrilen bilduta, Ameriketako Estatu Batuetako agintariek eta haien estatu morroietakoek gerra danborrak astindu dituzten garaiotan, ona da gure osasun etiko eta moralarentzat Dresdengo sarraskia gogoratzea, eta Hiroshimakoa, Nagasakikoa eta Gernikakoa. Eta bidezkoa da erdeinua adieraztea horrelako sarraskiak eta makineriak behar ditugula uste dutenei, izan NATOko Estatu bateko buruzagi, izan gure bihotzeko futbol taldearen presidente. Guztiak madarika ditzala sarraskien ondoko txorien txistuak.

Bilatu