Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Enkontru inprobableak: Chicho

Errausketara ez zen Miguelen beste seniderik etorri. Chicho soilik daukat behintzat gogoan. Artean ez nuen ezagutzen «Gallo rojo, gallo negro» kanta.

Auto berean bidaiatzea egokitu zitzaigun, irakasle eta, gero, lankide izan nuen bere anaia Miguelen errausketarako segizioan. Artean ez bide zegoen errausteko laberik Gipuzkoan eta Zorroagatik Deriora joan behar izan genuen, autopista utzi eta, semaforoz semaforo, Txorierriko korridorean barrena. Zaharra begitandu zitzaidan Chicho. Zaharra eta xelebrea. Desberdina. Autoan erretzea normala zen orduan. Txirriak erretzea ez horrenbeste. Zer esanik ez erretzailea edade batetik aurrerakoa izanda. Beste garai batzuk ziren.

Artean ez neukan beren aita falangistaren berri. Edo igual bai. Baina ez, Javier Cercasen "Soldados de Salamina" irakurrita, gero izango nuen maila berean behintzat. Jakingo nuen Rafael zuela beste anaia. Irakurri gabeak neuzkan, ordea, haren "Jarama" eta "Alfanhuí", eta ez nekien Martin Gaiteren senarra izan zenik, eta ezkondu aurretik nire beste irakasle-gero-lankide Victorren etxera joaten zirela biak zoparekin gosea itzaltzera. Ez nekien bere arreba Gabriella bazenik ere.

Errausketara ez zen Miguelen beste seniderik etorri. Chicho soilik daukat behintzat gogoan. Artean ez nuen ezagutzen "Gallo rojo, gallo negro" kanta; eta egun hartan egilea bera zela inork esan balit ere, ez niokeen antzik hartuko kanta haren eta egile beraren beste hainbaten oihartzunaren indarrari. Uste dut baten batek esan zidala tabernetan-edo kantari aritzen zela. Ez zidan esan, besteak beste, Joan Baezek, Víctor Jarak, Quilapayunek, Autek edo Joaquin Sabinak kantatuak zituztela Chichoren abestiak. Ez zuen jakingo agian.

"Arroz urez" ederrean irakurri berri diot Mikel Antzari Burgosko prozesuko grabazioaren biniloa egiten lagundu zuela Chicho Sanchez Ferlosiok. Hauek denak jakin izan banitu, akaso aipatuko nizkiokeen bidaia hartan, isiltasun hutsa tarteka betetzeko sikiera. Baina ez nekizkien. Eta, nolanahi ere, atzeko eserlekuaren babesean zihoan gazte ezjakin eta lotsatia nintzen. Ez nion eskatu porruaren zupadarik ere. Lastima.

Bilatu