Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Ergelarena egin

Pentsa dezala nagusiak bera dela inguruan den gizaseme edo gizalabarik adimentsuena. Deskuiduan, zure gainetik ez dagoela sentitzen hasten bada, arriskuan zaude. Ez inoiz begietara begiratu. Inoiz ez. Irakurtzen eta idazten ikasi behar duzu, bai, baina ez dezala inoiz sumatu irakurtzen eta idazten badakizunik. Hitz egitekotan, hitz egiozu zugandik espero duen hizkuntza trakets hautsi horretan. Baina ez sekula elkarrizketarik hasi. Harena da beti lehen hitza. Eta hitz zuzena da beti. Gogoratu: ez haren esaldirik zuzendu; ezta okurritu ere. Bi hitzetan: egin ergelarena. Ez zara betekoa: hori da ugazabak edo ugazabandreak sinistu behar duena. Zureak egin du, bestela. Horrelakoak irakasten dizkie etxaldeko haurrei, ezkutuan antolatu duen «ikastolan», Jim esklaboak, Percival Everetten "James" tituluko azken nobelako protagonistak. Jabearen aurrean ergelarena egitea izan daiteke bizirauteko taktika onena esklaboarentzat.

Luzaroan Jimen politika praktikatu dugu euskararekin. Bene-benetan hala ez bada ere, pentsa dezatela euskararen gainetik daudela gaztelania eta frantsesa, orduan soilik onartuko baitute euskararen existentzia, edo toleratu, besterik ez bada. Euskararen heriotza datorkigu, bestela. Beren hegemoniak ezbaian sentituko balituzte, txikitu egingo gintuzkete. Ezkuta dezagun euskara, hortaz, baita ETB1etik ere; jar ditzagun futbola eta mariatxiak. Ez dezagun euskal artista, zinemagile edo idazleren lanik aintzakotzat hartu Goya sari edo Espainiako beste sari «nazionalen» bat jasotzen duen arte; edo, gutxienez, "El País"-eko zine edo literatura eranskinen batean aipatzen duten arte. Egin dezagun ergelarena, eta iraun dezala euskarak. Iraun dezagun mozolo, bururik altxatu gabe.

Halako batean huts egin zion bere politikak Jimi. Ergelarena primeran egin bazuen ere, saltzea erabaki zuen ugazabandreak. Bakarrik; emazte eta haurrik gabe. Eta ihes egin zuen, eta borrokatu. Eta libre izateko bizi, eta bizitzeko hil. James izatera pasatu zen Jim. «James» soilik. Ugazabandreak ezarritako batere abizenik gabe.

Bilatu