Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Erretzailearen nostalgia

Elizakoak baino lotsa handiagoa eman zidan zineman erretzeak; baina erre, erre nuen. Tarkisk klasean baino gehiago erre ere. Eta gozatu. (De)bekatua egitean gozatzen den moduan.

Etenik gabe aurrekoaren zuztarrarekin pizten omen zituen zigarroak Alfred Tarski logikariak, eskolak ematen zituen bitartean. Paul Grice filosofoak berak ere atzamarrak hori-hori omen zeuzkan. Gezurra dirudi, baina garai batean normala zen klasean erretzea. Ez soilik Berkeleyn. Fernando Savaterren etika-eskolen luzera bere puruen iraupenaren araberakoa omen zen Zorroagan aritu zenean. Piarres Xarrittonek ez zuen erretzen, baina ematen zigun azterketetan erretzeko baimena. Osasunaren aldeko fanatikoen haserrealdiek leihoak zabaltzea lortzen zuten gehienez ere.

Bertrand Russellek umorez kontatu zion BBCri pipa erretzeak salbatu ziola bizitza. Erretzaileentzako aldean egokitu zioten eserlekua eta, abioiak Norvegiako fiordoaren ura jo zuenean, ez-erretzaileen aldeko bidaiari guztiak hil omen ziren. Ni ere abioian erretakoa naiz. Eta hori baino lehen, trenean eta autobusean. Puru ederra erretzen zuen goizetan lizeora eramaten gintuen autobusaren gidariak. Elizan debekatuta zegoen, noski, baina inoiz erretakoa naiz parrokiako koruko eskaileretako pasabide estuan. Jaunak barkatuko ahal dit!

Nolanahi ere, ezustekorik handienetakoa Dublinen hartu nuen, zinemara sartu, pelikula hasi eta ilunpetan metxeroak eta zigarroak pizten ikusi nituenean. Noizbehinkako argi txiki haiek eta, batez ere, proiekzio-argia pantailara zabaldu ahala behetik gora zeharkatzen zuten ke-zutabe kiribildu haiek guztiek ez al zuten osatzen zazpigarren artearen tenpluan egin daitekeen blasfemiarik handiena? Elizakoak baino lotsa handiagoa eman zidan, egia osoa esan behar bada; baina erre, erre nuen. Tarkisk klasean baino gehiago erre ere. Eta gozatu. (De)bekatua egitean gozatzen den moduan.

Eta halako batean, enegarrenean, utzi egin nion. Eta osasuntsuagoa naiz seguru asko. Jantziek eta hatsak ez dute tabako-usainik gehiago. Hatzak ez dauzkat hori. Goizeko eztul beldurgarria ahaztuta daukat. Eta horixe geratzen zait: nostalgia. Edo, bestela esanda, alde ilun eta mingots oro ezabatu diodan iraganaren oroitzapen gozoa.

Bilatu