Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Estatu-pertsonak

Ederra izan da mitoak lagun bihurtzea, hiri eta unibertsitate mitikoak eguneroko etxe eta lantoki. Batzuek, ordea, hor segituko dute, mito. Eta ni, txiki.

«Awe». Hitz polita da, ingelesa, eta itzultzen zaila. Izena edo aditza izan liteke. Euskarazko ordaintzat «lotsa», «errespetu», eta «beldur handi» proposatu dizkidate hiztegiek izenarentzat. Eta badauka hiruretatik zerbait. Edo asko. Ez dakit ingelesezko definizioa egoki euskaratzen asmatuko dudan: «Erreberentziazko begirune sentimendu sakon bat, beldurrarekin edo mirespenarekin nahastuta» edo antzeko zerbait.

Behin baino gehiagotan gertatu izan zait filosofo, logikari, hizkuntzalari edo bestelako zientzialari kognitibo «mitiko» bat bertatik bertara ezagutzean, eskua emateko eta izena esateko ere lanak izatea eta, espainiar ministro hark AEBetako presidente George W. Bushekin egin zuen moduan, burua gora eta behera hastea, lepoa lehertu beharrean. Berriz egoera horretan topatu baino, nahiago izaten dut ez ikusiarena egin eta kontrako norabidea hartu. Lotsa da, bai. Sekulako errespetuak eragindakoa, eta beldurra eragiten duena.

Toki txundigarriek ere antzeko sentimendua eragin izan didate. Batzuek, beren historiagatik: Erromak edo Atenasek, edo Abu Simbelek, edo San Frantziskok. Beste batzuek naturaren handitasunagatik: Grand Canyonek, adibidez. Edo Himalaiak. Edo Deadvleik. Beste batzuek gorentasun intelektualagatik: Oxford, edo Stanford, edo Harvard.

Tokiarekin nahiz pertsonarekin harremana maiztu den heinean, leundu egin zait sentimendua. Gorde ditut errespetua eta miresmena, baina gainditu ditut lotsa eta beldurra. Eta ederra izan da mitoak lagun bihurtzea, hiri eta unibertsitate mitikoak eguneroko etxe eta lantoki. Batzuek, ordea, hor segituko dute, mito. Eta ni, txiki.

Gure historia hurbileko protagonista pare bat ezagutu berri dut denbora gutxian; ametsetako estatu-gizonak biak. Ametsetako, estatua esan nahi dut, ez gizonak. Gizonak benetakoak dira. Eta nire txikian pentsatu dut, estatutxo eta sozialistatxo izanda ere, gure estatu sozialista inoiz izango bada, estatu-andreak behar dituela, eta transak, queer-ak, ez-binarioak, binarioak, zisgeneroak eta ez-zisgeneroak. Fikziozkoak ere bai, eta ametsetakoak; baina, batez ere, errealak.

Bilatu