Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Etena, berehala

Gazako egoerak ez du onera egin. Alderantziz. Apartheid eta genozidioarekin nahikoa ez eta garbiketa etnikoa martxan jarri du Israelgo Gobernuak. Gazan laguntza humanitarioa sartzea galarazi du eta, besteak beste, nazioarteko uretan eraso egin dio elkartasun itsas-flotari. Areago, bonbaz, tiroz eta gosez hil ez dituen palestinarrak kanporatu eta haien lurrak kolonizatzeko asmoa adierazi du, lotsaren arrastorik gabe. Bitartean, Europako agintariak isilik daude. Ez dute Israelgo gobernuaren jarduna salatzen. Ez dute harremanik eteten. Alderantziz. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aginduei muzin eginez, Israelgo agintariak hartzen dituzte etxean, armak salerosi eta bestelako harreman ekonomikoei eutsi. Bai. Etsigarria da.

Espainiako Gobernuak Israelgo enpresa batekin zuen kontratu bat eten berri du. Beste 39 ditu indarrean. Gertuago etorrita, zenbat kontratu dauzka Eusko Jaurlaritzak? Zenbat Nafarroako Gobernuak? Zenbat EHUk, UPNAk, Mondragon Unibertsitateak edo Ikerbasquek? Zenbat CAFek, adibidez? Eten al dute bakarren bat? Edo, alderantziz, ez ote dute, akaso, kontratu berriren bat sinatu? Oihartzun eta adostasun zabala lortu dute euskal elkartasun adierazpenek, baina erdietsi al dute ezer? Behera egin al dute gurean Carrefour-en salmentek, adibidez? Edo Coca-Cola eta Nike-renek? Lotsa arrastoren bat erakutsi al du IBM gurera ate nagusitik sartu duenak?

Espainiako Gobernuak ez zuen Marlaskaren bala kontratua etengo, hori ere ez, prentsak salatu ez balu, eta, horrekin batera, presio sozial indartsurik nozitu ez balu. Hori garbi dago. Baliteke gurean prentsa independente eta konprometitua txikia izatea eta eragin gutxi edukitzea gobernu, enpresa eta unibertsitate arduradunengan. Baliteke euskal presio sozialak gehiago bultzatzea hitza, ekintza eraginkorra baino. Ez dakit. Dakidana da presio sozialari zain egon gabe, norberari dagokiola bere eremuan iniziatiba hartu eta Estatu genozidarekin eta bere laguntzaileekin harremanak etetea. Dakidana da genozidioari aurre egin behar zaiola 1939an, 2025ean eta beti.

Bilatu