Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

«Etxeu nahi»

Espainiako Armadaren ahuldadeak ahuldade, euskaldunok umiliatzeko gaitasunari bere horretan eusten dio.

Gaur zortzi galdetu zigun daniar lankide batek zer moduzkoa den Espainiako Armada, nolako gaitasuna erakutsiko lukeen Errusiaren balizko eraso bati erantzuteko, adibidez. Ez genuen erantzun zuzenik ematen asmatu. Azaldu genion orain profesionala dela, bereziki, baina ez soilik, Euskal Herriko hainbat gazte intsumisoren borrokari esker; azken urteetan, paper errazen truke apuntatutako migratzaileak direla asko, latinoamerikarrak ugari; eta sartu ahal izateko adimen-kozientea nola jaitsi duten. Trillo espainiar defentsa-ministroak Perejil uhartea konkistatzeko zuzendu zuen operazio komikoarekin ere gogoratu ginen eta «¡Viva Honduras!»-ekin. Armada barregarri bat marraztu genion lankideari: Errusia edo Txinaren balizko eraso bati (edo AEBek dagoeneko gauzatu duten inbasio bati) erantzuteko gaitasun eskasa daukan armada bat.

Espainiako Armadaren ahuldadeak ahuldade, euskaldunok umiliatzeko gaitasunari bere horretan eusten dio. Frankoren “Azor” gerraontzia Kontxako badian nola, halaxe kokatu zaigu beste behin "Juan Sebastian de Elcano" Espainiako Armadaren eskola-ontzia Getariako Malkorbe badian pasa den igandean. Egia da “Azor” Kontxaratzearekin batera, makina bat herritar atxilotzen zituztela, eta Donostiatik alde eginarazi. Gaur ez da horrelakorik gertatzen. Hau demokrazia bat da, aizue! Bai, baina demokrazia honetan berdin dio zer esaten duen alkateak udalbatza osoaren izenean. Berdin dio diputatu nagusiak edo lehendakariak zer dioten (nik dakidala, ezer ez). Herritarren gehiengo zabalaren gogoaren kontra, herria militarrez eta poliziez okupatu eta, laster, Espainiako estatuburua ekarriko digute, eta hemen nork agintzen duen garbi utzi.

Orain hiru urte, historiako naufragio luzeenaren ospakizunak hasi zirenean, Getariako hainbat herritarrek kamiseta horiak jantzi zituzten «Etxeu nahi» esanez. Ez zuten aski ozen oihukatu, edo ez zieten ulertu. Hemen izan dira bueltan, eta saiatuko dira gehiagotan ere. Euskal Herri intsumisoaren ahotsa batzea komeni da eta, behar bada, batu ozenagoan garrasi egin: «Ez zaituztegu nahi. Alde hemendik!».

Bilatu