«Ex ante et ex post facto»
Ex ante facto. Otsailaren 23an VOX alderdiak EHUren Gasteizko campusean antolatutako ekitaldiaren harira, hainbat konbikzio, susmo eta zalantza darabiltzat gogoan. Bina adieraziko dizkizuet hemen. Hasteko, konbikzioak. Bat, faxismoaren aurrean ezin gara geldi egon; zerbait egin beharra dago faxisten ideiek eta praktikek guztion eskubideak suntsitzeko adina indar bereganatu baino lehen. Bi, VOXen ekitaldia probokazio faxista da. Susmoak. Bat, batzuek interesa daukate Euskal Herriko unibertsitate publiko handienean gatazka eragin eta, horrela, gaur egungo errektoretza higatzeko. Zergatik ez dute, bestela, ekitaldia debekatu edo, gutxienez, lekuz aldatzera behartu, unibertsitatearen eta hiriaren eguneroko bizimodua hautsiko ez duela ziurta daitekeen norabait? Bi, EHUtik kanpo ere normaltasuna babestu beharko luketenek bortxakeria sustatzen dute, horri etekin politikoa aterako diotela kalkulatuta. Bukatzeko, zalantzak. Bat, ez dakit fakultateak itxi eta irakaskuntza online bideratzea Errektoretzak har zezakeen erabakirik onena den; Euskal Herrian oraingoz garrantzi gutxikoa den indar politikoari ez dagokion protagonismoa emateaz aparte, bidea erakusten dio beste campusak ere ixtea lortzeko. Bi, dudak dauzkat faxismoari aurre egiteko modu eraginkorrenei buruz; ez dakit aire militarreko ekintzaileen indar erakustaldiek, adibidez, ez ote duten munstroa elikatzen. Denborak esango du. Zorionez, konbikzioak konbikzio, susmoak susmo eta zalantzak zalantza, ez daukat nik erabaki horietan zeresanik.
Ex post facto. Iragan da astelehena. Epe motzeko ondorioen artean bada bat positiboa oso: ez da liskarrik piztu. Negatiboak ezin dira ezkutatu, hala ere. Poliziak babestuta aritu dira faxistak campusean, unibertsitarioen pankartak eta afixak kentzen. Ikasle, irakasle, eta langileek ezin izan dute libre lan egin; herritarrek ezin izan dute campusean libre ibili. Nire konbikzio, susmo eta zalantzek bere horretan diraute. Guztia eragotzi zezakeenak ez zuen eragotzi. Jokaldia, ordea, ez zaio erabat ondo atera, oraingoan.
