Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Exterminioa

Hamaika ikusiak gara. Hamaika bizitakoak. Eta, hala ere, harritzeko gaitasuna osorik daukagula dirudi. Hortxe. Kieto. Nork noiz kitzikatuko zain. EHUko UGTk esnatu berri dit nirea. Ekainaren 2an tituluan “Hizkuntza-exterminioa UPV/EHUn” zeraman agiria bidali zigun langileoi. Exterminioa? Ez al da hitz potoloegia? Horixe pentsatuko zuen itzultzaileak, gero ez baitarabil hitza testuan: “desagerrarazi” eta “ezabatu” dakartza jatorrizko “exterminar”, “liquidar” eta “aniquilar”-en ordain gisa. Hona, jasotzen dituen perla batzuk. Bat, «LABek eta Steilasek euskara ez den beste hizkuntza ofiziala desagerrarazi nahi dute, hau da, gaztelania». Beste bat: haien helburua ez omen da «euskara sustatzea, gaztelaniaren desagerpena da gaur egun duten lehentasuna» eta –adi honi– «horregatik ez dute sinatzen euskararentzat aurrerapausoak diren plan linguistikorik». (sic) Ez al da irrazional samarra, gaztelania desagertzea helburu izanda, euskara sustatzeko planik ez sinatzea? Tira, hori ez da daukaten “froga” bakarra.

«Errektoretza honek ‘UPV’ izendapena kendu dio UPV/EHU izen ofizialari, eta, okerragoa dena, errektoreak bere taldeari barne-agindu bat eman dio euskaraz bakarrik hitz egiteko». UGTk, nik dakidala, ez ditu bere marka eta izena inoiz euskaraz jarri. Bidalitako agiriaren izenburua ere gaztelania hutsean dator; baina, ez dugu ulertu behar, antza, euskara “exterminatu” nahi dutenik. Jakina, ezin desagerrarazi, sekula agertu ez den hori. Gaztelaniaz soilik hitz egitea agindu beharrik ez, besterik egin ezin edo egin nahi ez duenari.

Harribitxi gehiago dago. Agurra da azkena: «Hemendik ez gara joango! Hemen faxismoari aurre egiten jarraituko dugu!». EHUko ordezkari sindikalen joan-etorriak, UGTkoenak barne, ez al dira ba hauteskundeetan erabakitzen? Alferrik akaso, baina mesedea eskatuko diet UGTko agiri egileei: zaindu zuen hitzak, soildu, doitu. Zuen lankideok eta geron hizkuntzek eskertuko dizuegu; unibertsitatean arau behar lukeen eztabaida arrazionalak ere bai. Faxistek agian ez. Baina ez duzue haiek zuekin bat etortzea nahi, ala?

Bilatu