Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Fitxa

Aurpegia ikusten diogu: aurrealdea, eta ezker-eskuinak. Buruaren atzealderik ez diogu ikusten. Gainalderik ere ez. Begitartea, musua eta lepoa. Paparra, pittin bat. Beste gorputz atalik badaukan ezin ziur jakin. Begiak irekita dauzka eta, argazkia egin dioten unean behintzat, bizirik dagoela ondoriozta dezakegu. Eman dezagun oraindik bizirik dagoela, eta baduela gorputz-enborrik, bihotz, birika eta guzti. Ikusten dugunagatik, ordea, izan liteke besamotza, hankamotza, edo paralisiak jota egon. Argazkiak, informazio iturri gisa, ez digu horrelakoak erabakitzeko biderik ematen. Horretan oinarrituta, haren osasunari buruzko diagnosi oro espekulazio hutsa da; auzitegi medikurik onenaren aditu-iritzia, begi-niniari zoom eginda iridologoak osatuko lukeenaren parekoa. Aurpegiera txarra dauka, hori bai. Eta non eta noren eskuetan dagoen ez dakigun arren, ziur egon gaitezke ez dagoela behar lukeen tokian; libre behar lukeela. Eta ez dagoela. Beldur gara tratu txarrak −edo okerragoak− ez ote dauzkan zain.

Errezeloa daukat, euskararen egoeraz ari garela, polizia-fitxako argazkiak baizik ez ditugula eskura. Eta berdin euskal kultura eta nazioaren egoeraz ari garela: informazio iturri bakar gisa, unean uneko egoeraren argazki partzialak darabiltzagula. Bi aldiz partzialak, gainera. Batetik, gorputzaren parte bat erakusten digutelako soilik; ze gorputz atali dagokion, enborrari edo adarren bati dagokion, adierazi gabe gainera. Bestetik, atal zehaztugabe horren alde bakarreko irudia eskaintzen digutelako. Giza gorputzaren kasuan ez bezala, euskararen kasuan, ez dakigu esaten zenbat perspektiba eta parte dagoen argazkiaren mugetatik harago. Hori dela eta, duda egiten dut, gaixoaren argazkiari begira gaudela, geronen gazi-gozoak ez ote dizkiogun proiektatzen. Ez ote gabiltzan noraezean, iridologoaren diagnosiak gure eginda, itsu-makila astintzen. Edozein modutan, hobe hori, jakina, ez ikusiarena egin eta atxiloaren halabeharra onartzea baino. Hobe euskaraldiak eta hizkuntza zuriketak, paralisia baino.

Bilatu