Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Gizen bat, gizen batzuk

Zalantza handiak dauzkat literatur klasikoak berridaztea gaztetxoak babesteko, eta, gisa horretan, gizarte hobe bat lortzeko bide egokia den.

"Adierazpen denotatzaile" deritzet honako hauen gisako adierazpenei: gizon bat, gizon batzuk, edozein gizon, gizon guztiak, gizonak oro…

Hitz horiekin hasten da Bertrand Russellen "Denotatzeaz" lana. 1905ean argitaratu zuten Oxfordeko “Mind” aldizkarian eta sekulako eragina izan du gaur arte. Nahitaez irakurri beharrekoa da filosofiako unibertsitate gradu guztietan; eta esango nuke, gaur egun, deseroso samar egiten zaiola hizkuntz sentsibilitate minimo bat daukanari, Russellen adibide zerrenda hori irakurtzea. Beti ez da horrela izan baina, euskaraz behintzat, ez dugu onesten, gaur egun, «gizon» idaztea, «gizaki» edo «pertsona» behar duenean. Ez ginateke hasiko, hargatik, Russellen adibideen zerrenda zuzentzen. Bere adibiderik ezagunena ere ez genuke «Frantziako Erregeak disfuntzio kapilarra dauka» bihurtuko –ezta, Pastor?–.

Russellen hainbat hizkuntz hautuei darien sexismoa oharkabean pasatzea litzateke problema. Edo gaur egun «gizaki» edo «pertsona»-ren ordez «gizon» idazten segitzea. Eta hor bai. Hor badaukagu arazo bat. (Dena esan behar badut, kontuak ez dauzkat horren argi «gizarte» versus «jendarte» hautuari dagokionez. Batzuek, «gizarte» baztertzen dute, sexista litzatekeelako; baina ez dut uste etimologiak, arau gisa, esanahia gordetzen duenik eta, garrantzitsuago dena, «gizarte» eta «jendarte» ez dira sinonimoak). Gaur egungo idazleei hizkuntza inklusiboa erabiltzea eskatu beharko genieke eta ez soilik haurrentzat idazten dutenei. Eraso, irain edo laidorako hizkuntz erabilerarik gabeko gizarte bat, edo, gutxienez, jendartean sentiberatasuna erakusten duten pertsonen komunitate bat hobea da 1905ekoa baino, ezbairik ez. Zalantza handiak dauzkat, ordea, literatur klasikoak berridaztea gaztetxoak babesteko, eta, gisa horretan, gizarte hobe bat lortzeko bide egokia den.

Duda gutxiago dauzkat filosofia testu klasikoak ez genituzkeela zuzendu behar. Testuen denotazioak eta konnotazioak euskaratu behar ditugula, komatxorik gabeko aipamenak, konnotazio immoralak eta gizon gizen burusoilak barne.

Bilatu