Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

HH

Derrigorrezkoa izan behar al du gure izen-abizenen edo marka gustukoenaren inizialek erakunde ultraeskuindar arrazista eta faxistaren batekin lotura zuzena izateak?

Ana Agirre Arana AEBetara bizitzera joan zenean ohartu zen bere inizialak, AAA, ez zeudela nahitaez lotuta bere herrian gerra zikinean aritutako erakunde parapolizial bati: Alianza Apostólica Anticomunista zeritzan baina Triple A gisa ezagunagoa izan zen hari. Txikitatik min eman zion inork bere izen-abizenak erakunde horren akronimoarekin lotzeak eta lasaitua hartu zuen munduko herrialderik boteretsueneko jende arruntak American Automobile Association delakoarekin lotzen zuela jabetu zenean.

Norberaren izen-deiturak uzkitik iraizten den digestio hondakinarekin lotura ezinbestekoa izatea ere ez da eramaten erraza. Bestela ere, garrantzitsua izan da beti niretzat, bigarren abizen gaztelaua aldarrikatzea: «Carrión» da nirea, «C» larriarekin eta «o»-aren gaineko tiletarekin. Zerikusirik ez Ku Klux Klanekin, hortaz. Behar izan banu, bere horretan utziko nituen aitaren izen-abizenak eta, hark bezala, PC harro eraman paparrean eta mukizapietan josita. PCC ere bai, jakina (Gora Canarias, Catalunya, Colombia eta Cubako komunistak!).

Gero izan nuen Helly Hansenen berri. Besteak beste, Munto, Zhik, Gill, eta Henri Lloydekin batera, belauntzi-arropa marka ezagunenetako bat da. Aurrekontu arrazoiek Decathlon edo Tribord erostera eraman ez banindute, Helly Hansen izango litzateke jantziko nukeen marka bakarra. Izen-abizena baino gehiago, laburdura erabiltzen hasi ziren, ordea: HH. Her Highness, His Holliness, Happy Hour, Hip Hop edo Helen Hunt laburtzeko ere erabiltzen dira bi letra horiek. Primeran. Dirua aurrezten hasi nintzen. Baina adimen bihurriren batek esan behar izan zidan erabiltzen zela «Heil Hitler!» adierazteko ere. Eta zapuztu zidan desioa. Derrigorrezko  behar al du gure izen-abizenen edo marka gustukoenaren inizialek erakunde ultraeskuindar arrazista eta faxistaren batekin lotura zuzena izateak?

Ikaskide ohi batek BBBko garaiak ekarri zizkidan gogora denbora asko ez dela. Balioaniztun Batxilergo Bateratuari guztiok BUP esaten genion; BBBri atzematen genion, sobrare, ukitu atzerakoiren bat. Ez daukat gogoan zehazki zein.

Bilatu