Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Hirurehun baleztari

Ez al da ba garaia iritsi Gaztelaren aldeko borrokan izandako biktima guztiak aitortzeko? Baleztariena hutsune handia da EAEren eta Gaztelako erreinuaren historia ofizialean.

Berripaper honexek zekarren informazioa gaur hamabost-edo: indar konkistatzaileen abangoardia osatzen zuten hirurehun bizkaitar baleztarien gorpuzkien bila dabiltza Kanaria Handiko sumendi eta haran itzalietan. 1482an harrika hil zituzten kanariar erresistenteek. Erreportajeak ez du argitzen konkistan hildako kanariarren gorpuzkien bila ari ote diren. «Fernando Guanarteme» gisa bataiatutako traidorearen aldean, irla defendatu zutenen oroitzapena biziberritzeak egokiagoa dirudi. Ulergarria litzateke kanariarrek interes gehiago izatea harrikatzaileen lorratzean, baleztari erasotzaileenean baino.

Kontua da baleztarien buru Gabriel Muxikakoa ordiziarra zihoala, eta, bizkaitarrak ez ezik, gipuzkoar eta arabarrak –eta nafarrak?– ere izango zirela hirurehunen artean. EAEtarrok eta, bereziki, ordiziarrok, badugu, hortaz, heroien zerrendari gehitzeko izen berri bat. Orain arte Muxikakoak ez du izan bere herrikide Urdanetaren ohorerik. Ez estatua arrazistarik, ez eskola publikoren izenik, ez kale-izenik. Auskalo zergatik. Biak ziren Gaztela-Aragoiko erreinuaren ordainpeko mertzenarioak; biek hartu zuten parte urruneko uhartedi baten konkistan. Zein da aldea? Urdanetak arrakastatsu kontatu zuela bere balentria Madrilera bueltan, eta Muxika bertan akabatu zutela, segada baten biktima? Historiak irabazleak soilik goratu behar ote ditu ba? Ez al da ba garaia iritsi Gaztelaren aldeko borrokan izandako biktima guztiak aitortzeko? Baleztariena hutsune handia da EAEren eta Gaztelako erreinuaren historia ofizialean.

Elkano eta San Inazioren urteek bat egiten duten hilabeteotan, Fuerteventurako Tindaya mendia ahaztu eta Kanaria Handiko mendiak zulatzeko planak egin beharko genituzke. Aukera ona daukagu, orobat, hirurehun «bizkaitar» baleztarion herrietan plaka bana jarri eta, aurrekontua lagun, ondorengoei –legitimoei behintzat– kalte-ordain duina bideratzeko, egindako zerbitzu guztien aitorpen. Eta Ordizian, jaietako ezkonberrien dantzarako, Las Palmas-mantoiak bana genitzake, Manila-mantoiekin batera. Inoiz ez da berandu okerrak zuzentzen hasteko.

Bilatu