Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Hobe isilik

Torturaren praktika sistematikoa aitortu, deitoratu eta bukatzeko eta torturatutako milaka pertsonak erreparatzeko asmo sendoa praktikan erakusten dutenean onartuko diet «zoru etikoaz» hitz egiteko zilegitasuna.

Hitz egin ezin daitekeenari buruz, hobe isilik egotea. Hori ondorioztatu zuen Ludwig Wittgenstein handiak bere "Tractatus Logico-Philosophicus" ezagunean. Torturaz hitz egin daiteke, baina isilik egon ohi gara. Eta hori ez da ona. Baina ulergarria da.

Ulergarria da torturatuaren kasuan. Askotan torturatuak ez dio mediku forentseari zipitzik ere esaten, ez baitago ziur hura ere torturatzaileetako bat ez ote den. Epaileari ezer esatea ere alferrik dela badaki. Prentsari zer esango dio ba, galdetuko dion kazetaririk ez dagoenean? Martxelo Otamendiren Soto del Realeko irudiak eta hitzak iltzatuta dauzkagu gogoan, testigantzaren gogortasunagatik bezainbat, urte hauetan guztiotan telebistan zuzenean eman duten testigantza bakarra izan delako.

Gutxi hitz egiten du torturatuak torturaz; hitz egiten duenean tortura berritzen duelako. Ahotsa kraskatzen zaio, begiak busti, dardarak gorputza mendean hartu. Iratxe Sorzabalen epaiketan oraintsu ikusi ahal izan du ikusi nahi izan duenak. Ulergarria baita ikusi eta entzun nahi ez izatea ere. Tortura testigantzak malkoa eta ezinegona eragiten baitizkio entzuleari ere. Ez du xehetasunik nahi. Ez du behar. Sinisten dio, isilik egonda ere, begietara begiratuta.

Ulergarria da, jakina, torturatzailearen isiltasuna. Hark ere ez du inoren hitzik behar torturaren berri izateko. Eta, Meliton Manzanasen gisara, nahikoa du tortura-saioaren ondoren mezetan jaunartzea zeru demokratikoan tokia ziurtatua edukitzeko. Baina, ulergarria baldin bada, ez da behintzat onargarria biktima-elkarte, gobernu, fiskal eta enparauek torturaz lortutako (des)informazio eta deklarazioetan oinarritutako akusazioekin segitzea, hemen sekula torturarik egon ez balitz bezala. Torturaren praktika sistematikoa aitortu, deitoratu eta bukatzeko eta torturatutako milaka pertsonak erreparatzeko asmo sendoa praktikan erakusten dutenean onartuko diet «zoru etikoaz» hitz egiteko zilegitasuna. Bitartean, hobe daude isilik. Wittgenstein oker ez bazegoen, etika jokabidearekin erakutsi egiten baita; ez hitzekin esan.

Bilatu