Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Hotelak eta motelak

Eta hoteleko gau luzeetan nahiz etxe arrotzetako ohe estuetako lo arinean, askatasunarekin egingo zuten amets, edo senideekin eta lagunekin elkartzeko egunarekin

Hollywoodeko filmen eraginez, txarkeriak eta krimenak prestatzeko eta egiteko toki apropos gisa irudikatzen ditugu hotelak (eta motelak). Aldizka pizten den neonezko argiz “(No) Vacancy” iragartzen dute; eta atezainek Norman Batesen tankerako psikopata hiltzaile aurpegia daukate, edo bizarrik egin gabeko gizaki malapartatuak dira, detektibe pribatu nahiz publikoarentzat salatari lana egiten dutenak, dolar gutxi batzuen truke. Beltzak dira asko. Zaharrak edo zahartuak denak. Gizonezkoak gehienetan. Gizenak normalean, emakumezkoak badira.

Oso bestelakoak irudikatzen ditugu 68ko maiatzaren ondoko Pariseko hoteletan batez ere gaueko txandetan lan egiten zuten euskal atezainak. Soziologia, Psikologia, Ekonomia edo Psikologiako estudianteak ziren asko. Atezaintzan lasai, euskal aditz edo deklinabidearekin batera, fakultateko apunteak errepasatzen zituzten eta Marxen, Engelsen, Leninen edo Maoren obra konpletoak begiak erre arte irakurri. Loak hartuta ere, amets iraultzaileak egiten zituzten: euskal nazio eta langileria askeak, pertsona eta herri librez osatutako lurrean.

Apenas inork irudikatuko dituen 90eko hamarkadako –GALen ondoko– Pariseko hoteletako euskal atezainak. Euskal Herritik ihes, euskalduntasuna ez ezik, existentzia bera ezkutatu beharra zeukaten haiek. Nazio arazoa eta askapen soziala uztartzen zituen doktrina ondo ikasia eta, ordurako, ahaztu samarra ere izango zuten batzuek. Eta hoteleko gau luzeetan nahiz etxe arrotzetako ohe estuetako lo arinean, askatasunarekin egingo zuten amets, edo senideekin eta lagunekin elkartzeko egunarekin, batik bat.

Gaurko euskal hoteletan salaketa da lege. Ostatu hartu bezain pronto, poliziak bezeroaren datu guztiak jasotzen ditu, trukean euro (edo dolar) bakar bat gastatu behar izan gabe. Hoteletako atezainek ez dute amets iraultzailerik egiten. Eta tabletan etxean goxo irakurtzen dute “Kapitala” bokazio sozialistako gazte burgesek.

Luzea da iraultzarako bidea, eta motelak, gure pausoak. Oso motelak. Sendoak balira sikiera!

Bilatu