Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Iheslariak

Bi urte (edo lau edo sei…) espainiar presondegi batean eman izan balituzte nahiago izango zuten, Pariseko etxeak garbitzen edo hoteleko gaueko atezain lanean hogei urte eman baino.

Zintzotasunez betetako begiekin esan zidan izeba Ana Carmenek «nire bizitzako egunik zoriontsuenak izan ziren». Hemezortzi urterekin Buenos Airesera eraman zuen itsasontzi-bidaiari buruz ari zen. «Seme-alabez erditzeko egunak alde batera utzita, jakina», gehitu zuen azkar, aldamenean zuen alaba ez mintzearren edo. Bere gaztelaniaren goxoak ez zidan estali hitz haien oihartzun tristea.

Eskarne Mujika itzultzailearen arabera, haurtzaroa izan zen «inolako zalantzarik gabe» Agota Kristof idazle hungariarraren «bizitzako garairik zoriontsuena». Zapalkuntza eta deserria jasan behar izan zituen gero. Gure izeba zenak ez bezala, urteak pasata, ahora ekarri zuen gogoeta. Damutu egin omen zitzaion senarrarekin eta alabarekin iheserako bidea hartu izana. Editoreari aitortu omen zion «nahiago zuela bi urte presondegi sobietar batean eman izan balitu, eta ez erloju fabrika suitzar batean hogei urte lanean».

Azken lauzpabost hamarkadetan, makina bat euskal herritarrek egin diete tortura eta kartzelari ihes, eta atzerrirako bidea hartu; senide eta lagunengandik urrun, hizkuntza eta ohiturak arrotz. Kristof bezala, erdi bi eginda geratuko ziren asko. Bi urte (edo lau edo sei…) espainiar presondegi batean eman izan balituzte nahiago izango zuten, Pariseko etxeak garbitzen edo hoteleko gaueko atezain lanean hogei urte eman baino.

Azken hamarkadan, Afrikatik bereziki, hainbat pertsonak egin diete zapalkuntzari eta goseari ihes, eta Euskal Herrirako bidea hartu; senide eta lagunengandik urrun, hizkuntza eta ohiturak arrotz. Inoiz esango dute nahiago zutela presondegi batean bi urte eman, atzerrian tabernaz taberna aterkiak-eta saltzen hogei urte eman baino.

“Harrera” du izena arrazoi politikoengatik presondegia edo ihesa bizi behar izan dutenak babesteko elkarteak. “Harrera” du izena Euskal Herrira ihesi datozenak laguntzeko Irungo elkarteak ere. Ihesaren ondotik zorionik gehiago ezagutu ez duten iheslari horiek guztiek, Euskal Herritik nahiz Euskal Herrira ihes egindako guztiek, horixe behar dute: harrera, gure txera ona, gure elkartasuna.

Bilatu