Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Irudiak, hitzak, zenbakiak

Ez dugu telebista askorik ikusten azkenaldian. Albistegiren bat edo beste soilik. Eta, Palestinako irudiren bat erakusten dutenean, begiak liburura daramatzagu, nahi gabe. Jasangaitza egiten zaigu irudi gehiago ikustea. Amorruari tripako mina eta tristeziari malkoak gehitzeko ariketa alferrikakoa; edo, errepikaren errepikaz, ankerkeria hutsaltzea ekar dezakeena. Elkarri begiratu eta itzali egiten dugu telebista.

Atef Abu Saifen egunerokoa irakurtzen dugu. Eramangarriagoak egiten zaizkigu oraingoz haren hitzak. Edertasuna ere atzeman daiteke genozidioaren kronikan, gainera. Eta, gerraren errealitatea eta sufrimendua pertsonalizatuz, biktimaren esperientzia nolabait bizi. Nork dio mila hitzek baino gehiago balio duela irudi bakar batek?

Azaroaren 23an irakurri genizkion honako datu hauek Owen Jones zutabegileari: sei asteetan gutxienez 13.300 dira Palestinan hildako zibilak, 2 milioi biztanleko populazioan. 13.300 hildako, hilabete eta erdian (eta asko ziren oraindik hondakinen azpian zeuden gorpuak). Konparazio batera, Serbian 40.000 izan ziren hildako zibilak 1992tik 1995era. Baina 4 milioi ingurukoa zen hango gerraurreko populazioa, eta lau urtean gertatu ziren hilketak. Edo Yemenen, zazpi urtean 15.000 bat izan dira, 14 aldiz populazio handiago duen lurraldean.

Hildako horien artean dagoen haur zenbatekoari erreparatuta, kopuru eta abiadura marka guztiak hausten ditu Israelek Gazan egindakoak: Siriako gerraren lehenengo bi urteetan %10 izan omen zen hildako haurren portzentajea; Iraken, 2003tik hasita, %8,6; Ukrainan %6, 2022tik hona. Gazan %42, sei asteko kontabilitatean.

Nork dio konparazioak gorrotagarriak direla? Zeinek, zenbakiak hotzak direla? Palestinako krimenaren tamainaz eta larritasunaz nozio egoki bat egiteko, irudiek eta hitzek baino gehiago balio dute zenbakiek.

Bilatu