Ez nintzen Bruce Springsteen-en Anoetako azken bi kontzertuetan izan, baina bai aurreko bietan. Orduan ere ikurrina eta AEBko banderak jarri zituen eszenatokiaren alde banatan. Euskaraz hitzen bat ere esan zuen. Beti erakutsi izan du sentiberatasun berezia gutxietsitako nazioen sinbolo eta hizkuntzekin. Tamaina horretako itzala duten musikari gehienek baino dezente handiagoa. Azken bira honetako berrikuntza nabarmenena, nik uste, Trumpen kontrako diskurtso politiko argia izan da. Hori eta pantaila erraldoietan erakutsitako euskarazko azpitituluak. GARA, NAIZ eta "Berria"-ren kroniketan horiek azpimarratu zituzten, bereziki. Bideoen bila ibili naiz, eta ikusi ahal izan dut "Diario Vasco"-ren TikTok-ekoak gaztelaniazko azpitituluak zekartzan pantaila soilik erakusten duela. Esanguratsua iruditu zait hori ere, baina ez harrigarria.
Oso oker ez banago, bira honetan aurreko kontzertuetan egindako diskurtso bera bota zuen Donostian. Entzuna neukan, behintzat, aurretik ere. Bere aberria deskribatzeko erak eman dit bereziki atentzioa: «The America that has been a beacon of hope and liberty for 250 years» (250 urtez esperantza eta askatasunaren itsasargia izan den Amerika). Kontua ez da Springsteenek hori esatea harrigarri egin zaidala. Kontua da, oso oker ez banago, Trumpekin oso haserre dauden estatubatuar gehienek irudi horixe dutela beren aberriaz: azken bi mende eta erdian munduan izan den herrialderik demokratiko eta askeena; demokraziak eta askatasunak munduan daukaten gidaririk (eta gudaririk) handiena. Europa salbatu zuten nazien kontra, lehenik, eta komunisten kontra, gero. Errusiar eta txinatar gaiztoen kontra, are geroago. Egin dute akatsen bat, akaso, Vietnamen edo Afganistanen, esate baterako. Edo, orain, zoro garbia presidente hautatuta. Baina, akatsak akats, filmeko onak dira haiek. Gaiztoak besteak dira. Uste kolektibo ondo errotua dirudi horrek AEBko gizartean. Salbuespena dira beren inperialismo hiltzailea deitoratu eta etxean bertan borrokatzen direnak. Horiexek dira demokrazia, askatasun eta justiziaren zinezko itsasargi.