Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Justizia epistemikoa

Egilea nornahi izanda ere, maiatzaren 11 hartan justizia poetikoa egin zen eta berdintsu ospatuko zuten munduko iraultzazaleek.

Paris, 1976ko maiatzaren 11. Kennedy hiribideko espaloian ikusi zuen gizona tirokatu berritan, anaia estudiantearen etxetik gertu. Eta hara itzuli zen, zer gerta ere. Irratian entzun zuen hildakoa Anaya jeneral boliviarra zela. Anaiarekin txanpaina edanez ospatu zuen, hura fakultatetik itzuli zenean.

Joaquin Zenteno Anaya Boliviako Armadaren VIII. Dibisioko  komandantea zen, 1967ko urrian Che Guevara harrapatu eta hil zutenean. Argazki ezagun batean hainbat militarrek inguratzen dute Cheren gorpua, eta atzamarra bularreko bala-zuloaren gainean duela ageri da bat. Hori da Anaya. Parisen zebiltzan euskaldun haien antzera, munduko iraultzaile eta iraultzazale ugarik ospatu zuen garai hartan Frantzian Boliviako enbaxadore zen Anayaren heriotza, nork hil zuen jakin aurretik ere.

Estudianteak esan zidanez, egilea Ilich Ramirez «Carlos» venezuelar ekintzailea izan zela zabaldu zen orduan. Gerora irakurri dut maiatzaren 11ko arratsaldean bertan «Ernesto ‘Che’ Guevara Nazioarteko Brigadek» bere gain hartu zutela ekintza. Irakurri dut baita ere aurreko urtean, 1975eko urriaren 8an zehazki, espainiar diplomatiko baten kontrako hilketa-saioa hartu zutela bere gain «Juan Paredes Manot Nazioarteko Brigadek». Beste iturri batzuek brigada horiek «inexistentetzat» jotzen dituzte eta Boliviako diktadore Hugo Banzer Sanchezi egozten diote Anayaren hilketaren ardura. Bada Cheren hilketan parte hartu zuten agintari militar guztien heriotzen zirkunstantzia misteriotsuak azpimarratu eta «Cheren madarikazioaz» hitz egiten duenik ere.

Anaya zehazki nork eta zergatik hil zuen jakiteari antzu iritziko dio baten batek akaso. Zer axola dio? Iraganeko gertaerek bere horretan iraungo dute, guk jakin ala ez. Egilea nornahi izanda ere, maiatzaren 11 hartan justizia poetikoa egin zen eta berdintsu ospatuko zuten munduko iraultzazaleek. Agian bai, baina egiaren zorra kitatzea ekintza iraultzailea da. Egia argitzeak –eta jakinarazteak– justizia dakar mundura. Eta egiak ere merezi du txanpain botila. Poesiak adina, edo gehiago.

Bilatu