Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Konparazioa

Hamar urte bete dira Txillardegi hil zenetik eta bere jaioterriko Udalean agintzen duten alderdiek ez diote aitorpen txikienik ere egin.

Madril eta Donostia. Almudena Grandes eta Txillardegi. Aldeak alde, konparazioa ez da burugabea. Iazko azaroaren bukaeran hil zen Grandes idazle madrildarra, eta, gogoratuko duzue, akaso, «alaba kuttun» izendatzea eta kale eta liburutegi banari haren izena ematea proposatu zutela Madrilgo Udaleko hainbat alderdik. Agintean diren alderdi eskuindarrek bidea eman zioten kale izenari, baina ezezkoa eman zieten «kuttun» izendatzeari eta liburutegiarenari. Madrili urrundik begiratzen diogunoi ere itsusi, oso itsusi, iruditu zitzaigun. Zekena izan behar da gero, halako idazle handiari halako aitortzarik ukatzeko! Ezkerreko ideiei espainiar eskuinak dion herra sakonak soilik azal zezakeen tamaina horretako zikoizkeria. Ezin besterik espero Francozaleen ordezkariengandik.

Ezustekoa gero etorri zen, alkateak erabakia aldatu, eta azkenean Udalak Grandes «alaba kuttun» izendatu zuenean. Azkar asko aldarrikatu zuen, ordea, Almeida alkateak bere zekenkeria. Idazleak ez zuen izendapena merezi baina Udalak aurrekontuak behar zituen eta... Mixerablea, bai. Eta burumotza. Izendapenak ez baitu Grandesen itzala handitzen, izendatzen duen erakundearena baizik; Madrilgo Udalarena eta bere alkatearena, hain zuzen ere. Harrokeriak edo herrak, edo bien arteko nahasketak, lausotzen dute, sobrare, madrildar politikari txikiaren gogoa.

Hamar urte bete dira Txillardegi hil zenetik eta bere jaioterriko udalean agintzen duten alderdiek ez diote aitorpen txikienik ere egin. Berealdiko ekarpena egin zien Txillardegik euskal gramatika, literatura eta politikari. Ekarpen historikoa. Nork uka dezake hori? Atxikimendu berezia erakutsi zien bere bihotzeko Antigua eta Donostiari, gainera. Donostiako Udalak, ordea, ezetz esan die hamar urteotan «seme kuttun» izendapenari, kaleari, eta liburutegiari. Ez, ez eta ez. Eta nik behintzat ez diet azalpenik entzun. Aitortzeko modukorik ez daukatelako izango da.

Madril ez da Donostia. Goia ez da Almeida. Baina antzera lausotzen bide dute harrokeriak eta herrak donostiar politikari altuaren gogoa.

Bilatu