Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Kosmonautak Ibaetan

Norvegiarrek eta errusiarrek elkarlan estua lortu zuten Artikoan hartz polarrak babesteko akordioa sinatu zutenetik. 2022ko martxotik asko zaildu dira harremanak.

Siberia ekarri dio gogora askori Ibaetako campuseko ikasgela, bulego eta korridoreetako hotzak. Neguari botako dio igual errua, baina eraikinen kalitate arkitektoniko eskasak ere badu zerikusia. Eta energiaren kostuak. Eta NATOren eta Errusiaren arteko gerrak Ukrainan. Azken horrek ondorio globalak zein lokalak dauzka fronte askotan; tartean, zientzian.

Suitzako CERN partikula-azeleragailuan 12.000 bat zientzialari eta ingeniari ari dira lanean; 1.000 edo, %8, errusiarrak. Bere artikuluetan, autore gisa, proiektuetako partaide guztiak zerrendatu ohi dituzte. 2022ko martxotik ez dute gehiago publikatu ez direlako ados jartzen zerrenda horietan errusiar eta bielorrusiarrak sartu, ez sartu, nola sartu. 70 bat artikulu omen zeuden zain. Fisika geldi dago Europako zentrorik handienean.

Norvegiarrek eta errusiarrek elkarlan estua lortu zuten Artikoan, 1970eko hamarkadan, beste herrialde batzuekin batera, hartz polarrak babesteko akordioa sinatu zutenetik. Klima aldaketaren ikerketara zabaldu zuten gerora elkarlana. 2022ko martxotik asko zaildu dira harremanak. Artikoaren berotze abiadura handitzen ari da. Ikerketarena moteltzen.

Nazioarteko Estazio Espaziala (NEE) da salbuespen bakarretako bat. Han goian ez da elkarlana eten. Irailean NASAko Frank Rubiok Soyuz batean egin zuen NEErako bidaia, eta urrian amerikarrekin egin zuen Roscosmoseko Anna Kikinak. Batera segitzen dute lanean astronautek eta kosmonautek.

Zientziaren negozioan agente pribatu garrantzitsuenetakoa den Clarivate-k utzi egin zion, martxotik aurrera, Errusiatik edo Bielorrusiatik bidalitako aldizkari artikuluak "Web of Science"-n ebaluatzeari. “Scopus”-en jabetza duen Elsevier erraldoiak ere bertan behera utzi zituen bere zerbitzu eta produktuak Errusian eta Bielorrusian. Ez dakit nola eragiten dien horrek, Ikerbasqueren eskutik batez ere, gurean lanean ari diren errusiar eta bielorrusiar ikertzaileei. Pentsatu nahi dut NEEko elkarlan ereduari eusten diogula Ibaetan. Jakintzaren eta bizitzaren izenean; tankeen eta herioaren kontra.

Bilatu