Gipuzkoako egunkari salduenean irakurri nuen lerroburua. Hauxe zioen: «La risa siempre es necesaria, pero en estos tiempos es imprescindible» («Barrea beti da beharrezkoa, baina garaiotan ezinbestekoa da»). Horrelakoetan nire burua auzitan jartzeko joera daukat, eta zalantza egin nuen gaizki irakurri ote nuen, edo «imprescindible»-k edo «necesaria»-k ba ote zeukaten nik ezagutzen ez nuen adieraren bat eta, hortaz, ez ote ziren sinonimo bete-beteak… Baina ez, problema ez zen nirea. Problema Goyo Gonzalez izeneko umoregile batena zen. Txisteren bat egiten ari bazen, nik behintzat ez nuen harrapatu. Errua kazetariarena izan zitekeen, bestela. Gaizki jaso zituen agian Gonzalezen hitzak. Baina ez du ematen. Honezkero astea bete da eta Interneteko edizioan inork ez du lerroburua zuzendu. Ez dit uzten debalde askoz gehiago irakurtzen, baina lerroburuko esaldi zentzugabeaz harago, suma daiteke mezua zein zen. Barrea eta algara beti dira komenigarri, baina garaiotan beharrezko dira –nahitaezko, ezinbesteko– garai bereziak bizi ditugulako. Krisi garaiak. Mundu guztiak esaten du.
Entzuten da baita ere polarizazio garaiak direla hauek; arrazoibide binarioak agintzen duela («nire alde ez bazaude, nire kontra zaude»); ez dagoela erdibiderik, ez ñabardurarik diskurtso politiko publikoan. Faxismoaren mamua zabaltzen ari dela tai gabe: Trump, Milei, Meloni, Orban… Batu egin behar duela ezkerrak autoritarismoaren kontra. Esaten da espainiartzen eta frantsesten ari dela Euskal Herria inoiz baino gehiago, batu egin behar duela abertzaletasunak, eta nazio nortasunaren alde egin, garai txarrak direla hauek lirikarako.
Ez dira betiko garai onenak, ez. Baina izan al dira inoiz, inon, inorentzat? Bizi ditugun garai hauek bereziak badira, gureak direlako dira bereziak; gureak eta gaurkoak direlako. Atzokoak, latzak izanda ere, ez zaizkigu inporta gehiago, bizirik atera ginen-eta. Biharkoak are gutxiago axola zaizkigu, hilda izango gara-eta. Hil arte bizi, beti biziko baikara krisian. Planeta eta gizateria birrintzen ditugun arte, algara bizian.
