Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

L.A. konfidentziala

Nik behintzat ez neukan gogoan 1963an Miarritzen egona zela Davis, Jean-Paul Sartreri buruzko eskolak hartzen. Bertan harrapatu zuen Ku Klux Klanek Birmingham bere jaioterrian egindako bonbaketak.

Burgosko prozesua datorkigu burura 1970. urtea aipatzean. Euskal gazteak tribunal militarraren aurrean. Propaganda klandestinoa. Paris irratia. Grisak. Harriak ke-pote eta tiroen kontra. Elkartasuna Europan. Gisèle Halimi. Jean-Paul Sartre.

1970ean Kaliforniako Unibertsitateko Los Angeleseko campusean ibili zenari galdetuz gero, Vietnam eta Angela Davis aipatuko dizkizu. Filosofia sailean lanean hasia zen Davis 1969an, eta berehala, Ronald Reagan gobernadoreak eskatuta, UCLAko Errektoretzak kaleratu egin zuen Alderdi Komunistako kidea izateagatik. Davisen filosofia sailkideak ziren John Bennett, Tom Hills, Donald Kalish –zuzendaria–, David Kaplan, David Lewis, Richard Montague, John Perry, eta Sandra Peterson, besteak beste. Haietako batzuek idatzi zuten kaleratzea salatzen zuen panfletoa (Burt Lancaster aktorearen 25 dolarrek finantzatu zituen kopiak). Epaile batek kaleratzea bertan behera utzi zuen, Konstituzioaren kontrakoa zela ebatzita. 1970eko ekainean berriz kaleratu zuten, ordea, hitzaldi «kiskalgarriak» egitea egotzita orduan. «Filosofia saileko nire postutik kanporatua izan nintzelako hasi zen nire istorio osoa» esango zuen Davisek 40 urte geroago. Izan ere, handik bi hilabete eskasera ezkutatu egin behar izan zuen, tiroketa batean erabilitako armen jabetza zela eta, FBIko J. Edgar Hooverrek atxilotzeko agindua emandakoan. Filosofia sailkide batzuek lagundu zioten sasian; baina, hiru hilabete ondoren, Richard Nixon harro agertu zen «terrorista arriskutsuaren» atxiloketa iragartzen.

Ezaguna da gure artean Davisek euskal preso politikoei eta, bereziki, Arnaldo Otegiri erakutsitako elkartasuna –filosofian lizentziatua hori ere–. Baina nik behintzat ez neukan gogoan 1963an Miarritzen egona zela Davis, Jean-Paul Sartreri buruzko eskolak hartzen. Bertan harrapatu zuen Ku Klux Klanek Birmingham bere jaioterrian egindako bonbaketak. Neska-lagunak zituen hildako lauretatik hiru.

1970, Burgos, Halimi, Sartre, Miarritze, Los Angeles (eta Lancaster), Davis eta Otegi zerk lotzen dituen argi dago: Filosofiak.

Bilatu