Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Liburu giroa

Gure unibertsitate-liburutegietan porlana da nagusi, ate eta txartel elektronikoak, sartzeko baldintza eta debekuak, ordutegi murritzak eta jokabide gerontofobikoak.

Asko esaten du gizarte batez segurtasunari eskaintzen dion lekuak. Sevillako leihoak, adibidez, burdin barroteez babesten dituzte, baita 2. eta 3. solairukoak ere, baita auzorik aberats eta seguruenean ere. Southamptonekoak ez; ezta lur azpiko solairuetatik gora altxatzen direnak ere. Zarauzko etxejabeek lorategiei itxitura jartzen diete, besteei pasaera eta, askotan, begiratua ere, galarazteko. Palo Altoko etxeen aurreko belardiek espaloi zabal kraskatuekin egiten dute bat. Iberiar penintsulako kirol-portuetan porlana, hesi metalikoa, giltza elektronikoa eta segurtasun pribatua dago asko. Aland uharteetan egurra da nagusi. Gailu metaliko, elektronikoak eta segurtasuna patroiaren nabigazio kontuak dira soilik. Bi gizarte eredu islatzen dira arkitektura-aukera horietan: besteenganako susmoarena versus konfiantzarena.

Erresuma Batuko eta AEBetako unibertsitate-liburutegi zaharretan ohikoa da estanpa: belaunetik gora apenas altxatzen den orri-ate horietako bat eta adeitasunez motxila irekitzeko eskatzen dizun pertsona zahar bat. Jubilatua behar luke honek, pentsa dezakezu. Edo pentsio txikiegia dauka, adin horrekin oraindik lanean segitzeko. Edo non hobe liburutegi batean baino, etxean enbarazu egiten egon gabe. Kontua da aste barruan 24 orduz dauzkatela ateak irekita; asteburuetan egun erdiz; eta eserleku eta sofa ederrak, inork kuluxka bat egin nahi badu ere. Irakasle zahar jakintsu itxurakoak, ikasle eta ikertzaile gazteagoak, eta etxegabeak ere elkar daitezke.

Gureetan porlana da nagusi, ate eta txartel elektronikoak, sartzeko baldintza eta debekuak, ordutegi murritzak eta jokabide gerontofobikoak (nola kalifikatu, bestela, txartela jubilazio-egunaren biharamunean baliogabetzeko praktikari?).

Unibertsitateen (eta herrien) kalitatea beren liburutegiek duten ordutegiaren eta publikoaren kantitate eta dibertsitatearen arabera neurtuko balitz, edo zaharrei eta baliabide gutxiko sektoreei ematen dieten tratuagatik, edo, besterik gabe, eskaintzen duten irakurketa-giro lasaiagatik, zerrendan behe-behetik hasi beharko genuke bila.

Bilatu