Ariketa bat proposatzen dizut. Zoaz zure liburutegira eta hasi liburuen bizkarrei begira. Berdin du liburuak zein ordenatan dauden. Autoreen abizenen arabera, edo genero edo diziplina edo hizkuntzaren arabera. Berdin dio. Zutik egotea da inportantea. Hasi irakurtzen aurrean dituzun liburuen bizkarretan ageri diren tituluak eta izenak. Eta pentsatu: zein jarreratan eta zein norabidetan ari naiz irakurtzen? Alegia, lepoa zuzen, begiak letren gainean ezkerretik eskuinera doazela, paperean bezala? Edo lepoa pixka bat eskuinera, letrak goitik behera? Ala, alderantziz, behetik gora leitzeko lepoa zertxobait ezkerrera eginda?
Berriki egin dudan aurkikuntzaren arabera, gutxi dira horizontal irakurtzen uzten dizuten liburu-bizkarrak: klasikoak edo edizio zaharrak gehienetan; edo liburukote bizkar zabalak. Normalean burua okertu egin beharko duzu, eta hona hemen ustekabea: ingelesezko liburu guztiek goitik behera dakartzate titulua, autorearen deitura eta, batzuetan, argitaletxearena. Txinerakoek ere bai, nire lagin txikiaren arabera. Gaztelania eta frantsesezkoek, ordea, behetik gora. Eta euskarazkoek, jakina, azken bi horiek bezala. Arau orokor gisa, honako hau daukagu, hortaz: Euskal Herrian eskuinetik begiratzen diegu liburuen bizkarrei. Ingelesezko irakurleek, aldiz, ezkerrera mugitu eta lepoa eskuinera jaitsi behar dute pittin bat. Salbuespenak gutxi dira ingelesez. Gaztelaniaz gehiago topatu ditut. Euskarazkoetan batere ez, oraingoz. Ezkerrera geratzen zaizkigu liburuak. Eskuinetik begiratu behar diegu.
Liburu-bizkarretako letren norabide desberdintasun honen zergatia ez dut ezagutzen. Liburugintza usadio ezberdin hauen atzean esanahi sakonik bilatu behar den ez dakit. Honek guztiak zertarako balio duen galdetuko dit irakurle praktikoak. Eta ez dakit hori ere. Baina niri behintzat aurkikuntza enpiriko bat egin izanaren atsegina ekarri dit, eta jarraitu egingo dut peskizan. Batek daki, hemendik urte batzuetara Harvardeko unibertsitatean alferrikako ikerketei ematen dieten Ignobel Saria irabaz dezaket, liburuen bizkar.
Liburuen bizkar
Euskal Herrian eskuinetik begiratzen diegu liburuen bizkarrei. Ingelesezko irakurleek, aldiz, ezkerrera mugitu eta lepoa eskuinera jaitsi behar dute pittin bat.