Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Mamu bat Europan zehar

Inoiz baino garrantzitsuagoa da gatazka politikoetan soluzio politikoen aldeko jarrerari eustea; justizian eta demokrazian oinarritutako konponbideen alde egiten segitzea.

Barkatuko ahal didate Kieven eta inguruko hirietan Errusiako Armadaren erasoa jasaten ari direnak. Barkatuko ahal didate ukrainarren alde arropa eta elikagaiak biltzen ari diren euskal herritarrak. Barkatuko ahal didate «mendebaldeko» estatuburu, komunikabide-buru, multinazional-buru eta armadaburu guztiek. Barkatuko ahal didate, bertako ikasle nahiz langileoi ezer galdetu gabe, web orrialde ofizialean «Ukrainarekin» txertatu duten EHUko arduradunek ere. Baina nik ez daukat argi.

Nik azalpen gehiago behar ditut. Niri baten batek esplikatu egin behar dit zergatik orain, bat-batean, ondo dagoen diru publikoaz armak erosi eta Ukrainako herritarrei banatzea, eta ez, adibidez, Sahara, Yemen edo Palestinakoei. Zergatik dagoen ondo Europan, aginte judizialaren esku-hartzerik gabe, informazio eskubidea murriztu eta Errusiako telebista itzaltzea. Zergatik den zuzena, eskatzen zaien jarrera publiko ez egiteagatik, errusiar artistak diskriminatzea. Zergatik dauden batzuk Pablo Gonzalezen kasuan ia “Egunkaria” kasuan bezain epel. Ez al dute bidean ezer ikasi? Prentsa-askatasunaren defentsan, Pablo epaitu ez, Pablo askatu egin behar da aldarri. Pablo berehala askatu!

Haize zakarra dabil, eta ez aldekoa preseski, Europa zaharrean. Herritar asko eta asko beren agintariekin bat eginda azaltzen ari dira jarrera gerrazaleetan, bidean galtzen ari diren giza eskubideei erreparatu gabe. Garai txarrak dira eta, horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da gatazka politikoetan soluzio politikoen aldeko jarrerari eustea; justizian eta demokrazian oinarritutako konponbideen alde egiten segitzea; herrien autodeterminazio eskubideen alde egitea tinko; eta herri arteko elkartasunaren alde. Onen eta gaiztoen arteko bereizketetan oinarritutako esplikazio faltsuak arbuiatu behar ditugu, politika inperialista guztiak gaitzetsi eta giza eskubide guztiak denontzat aldarrikatu. Mamu bat sumatzen da Europa zeharkatzen, eta ez da komunismoa. Ez da demokrazia. Ez da justizia. Ez da askatasuna. Tamalez.

Bilatu