Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Minorazkoa

Azkenaldian Euskal Herrian indarrean dagoena ez da maiorazkoa, minorazkoa baizik. Eta, ondorioz, paralisia. Oso oker ez banago, ez gara gutxi, ordea.

«Minorazkoa» esan dakioke gure herriko hainbat gizatalde eta haiek bultzatzen dituzten kausak kutsatu dituen gaitzari. Kausa noblea irizten diote bereari, moralki zuzena, arrazoizkoa, bidezkoa eta justua. Ez dute horretan zalantzarik egiten. Orduak eman dituzte aldeko argudioak pilatzen eta besteenak aztertu, eztabaidatu, ebaluatu eta, behar izatekotan, partzialki onartzen eta, horrela, beren kausa banaka aberasten eta are nobleago egiten. Eztabaidan segitzen dute eta eztabaida aldarrikatzen dute. Baina huts egiten die zerbaitek; geldi baitaude. Publikoan eta pribatuan hitz egin dute, bai; mihiaz bestelako gorputz-atalen mugimendurik eskatzen duen ekintzarik, aldiz, batere ez. Horren aurrekari behar lukeen deliberazio eta erabaki kolektiborako imintziorik ere ez. Gutxi baitira. Hori uste dute behintzat.

Eta ez da harritzekoa. Komunikabideei begiratu bat ematea besterik ez dago. Komunikabide publiko nahiz pribatu, lokal, autonomiko, foral edo estatal, komunikabide ia guztietan ageri dira kausa horiek gutxi batzuenak balira bezala. Gutxi omen dira euskal presoak askatu eta iheslariak etxeratzearen alde daudenak; urri, Euskaraldiak Euskaraldi, gure hizkuntzaren aldeko neurri eraginkorrak begi onez hartuko lituzketenak. Zer esanik ez euskal estatu independentearen aldeko botoa emango luketenak, galdetzen hasiko bagina. Espainiako erregea mundu-naufragioaren bosgarren mendeurrenera hurbildu balitz, zenbat aterako lirateke kalera protestan? Zenbat dira klaserik gabeko gizartearekin amets egiten dutenak? Zaldibarkoa gogoratu eta salatzera ateratzen diren bezainbeste. Bakan batzuk.

Eta sinetsi egiten dugu hori. Eta paralisiak jota gaude. Minoria-konplexuak jota gaude hainbat gai estrategikotan aurrera-pausoak bultzatzeko gauza diren giza sektoreetan. Eta geldi. Hizketan, baina geldi. Minoria garelakoan.

Azkenaldian Euskal Herrian indarrean dagoena ez da maiorazkoa, minorazkoa baizik. Eta, ondorioz, paralisia. Oso oker ez banago, ez gara gutxi, ordea. Uste baino gehiago gara. Antolatu egin behar. Eta egin. Aurrera egin.

Bilatu