Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Munduko beltza

Eta ondo jasotzen du hori ere Lennonen kantak, «emakumea da esklaboaren esklaboa» dioenean. Zapalkuntzaren aritmetikak, ordea, ez die Peanoren axiomei erantzuten.

«Emakumea da munduko beltza», dio John Lennonen kantak. Kasu honetan beltza ez da black, n***** baizik. Eta «n-hitz» hori izan liteke mugimendu feministaren edo, gutxienez, gizonezko feministen himnoa bihurtzea eragotzi dion arrazoia. 1972 ingurukoa izanik, egoki aletzen ditu oraindik ere indarrean diren mikro- eta makro-matxismoak. Eta gogora dakar zapalkuntzak badituela milaka aurpegi. Patriarkatuaren zapalkuntzari zapalkuntza arrazista gehitu behar dio emakume beltzak. Zapalkuntzak gehitu egiten zaizkio, eta zapaltzaileak biderkatu. Gizonezko zuriak zapaltzen ditu guztiak. Emakume zuriak beltz guztiak zapaltzen ditu, emakumeak nahiz gizonak. Gizonezko beltzak emakume guztiak, zuriak nahiz beltzak. Emakume beltza litzateke zapalkuntza katearen azken maila. Eta ondo jasotzen du hori ere Lennonen kantak, «emakumea da esklaboaren esklaboa» dioenean. Zapalkuntzaren aritmetikak, ordea, ez die Peanoren axiomei erantzuten.

Kontuak diruditena baino korapilatsuagoak dira. Goitik beherako edo handitik txikirako erlazio gisa irudikatzen dugu zapalkuntza. Beheko muturrean txikiena: munduko beltza. Baina orduan klase-esplotazioa gogoratzen digute: garbi dago emakume enpresaria edo bankaria, zuria nahiz beltza, gizonezko zuri langilearen zapaltzailea dela. Edo emakume beltz langile heteroa emakume lesbianaren zapaltzailea. Zapalkuntza erlazioak zapaltzaile-zapaldu bikote-begiez osatutako katearen irudiaren ordez sarearena da egokiagoa. Genero, jatorri, sexu hautu, itxura, klase, hizkuntza eta nazio bereizketek zapalkuntza erlazioak josten dituzte. Sarea desegiten joatea baino, zapalkuntza-erlazioak berdintasun-erlazioak bihurtzean datzake prozesu askatzaile edo iraultzailea.

Zentzu horretan, berealdiko garrantzia dauka prozesu askatzailearen izenean zapalkuntza berriak ez sortzeak, eta zaharrak ez indartzeak. Eta hori ahazten ari dira, nik uste, emakume transen kontra ari diren Madrilgo feminista batzuk. Emakumearen prozesu askatzaileak ez luke joan behar beste kolektibo ahulago batzuen prozesu askatzaileen kontra.

Bilatu