Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Munduko musikak

Herrialde askotan, bertako erritmoak anglosaxoitze prozesu aurreratuan daudela esan daiteke, nahiz eta hizkuntzari eusten dioten.

Musika hizkuntza unibertsala dela esan ohi da, baina hori mito bat da. Mito bikoitza. Musika ez baita hizkuntza. Eta ez baita unibertsala.

Zentzu hertsian, musika ez da hizkuntza. Ez dauka esanahia daukan hitzik, ezta araurik hitzez perpaus esanahidunak sortzeko. Emozioak adieraz ditzake, eta adierazten ditu. Txakur baten hazpegiak edo zaunkak ere bai, eta horrek ez ditu hizkuntza bihurtzen. Nahiko argi dago, bestalde, Mozarten garaikideek ez zutela Txinako musika ulertzen, eta txinatarrek, aldiz, ez zutela Vienakoa ulertzen. Edukazio musikala beharrezkoa da, musika ulertuko bada.

Baina musikek eta hizkuntzek bat egiten dute maiz. Eta batera ala bestera gailendu egiten zaizkie batzuk besteei. Urteak dira, adibidez, pop musika eta hizkuntza anglosaxoiak munduko musikak jaten ari direla. Hona hemen azterketa enpiriko ez-zientifiko baten emaitza. Sagarraren musika zerbitzuaren datuetan oinarritua da; 2021ean gehien entzundako kantei buruzko datuetan.

Kasu bakarra topatu dut bertako hizkuntza eta musikari eusten diena: Brasil. Herrialde askotan, bertako erritmoak anglosaxoitze prozesu aurreratuan daudela esan daiteke, nahiz eta hizkuntzari eusten dioten. Txinan, adibidez, pop amerikar “pastelosoarekin” fusionatu dituzte euren soinuak. Frantzia ere, hizkuntzari eusten baitio, kategoria horretan sar daiteke, baina bertako sustraiak desitxuratu egin dira nabarmen, hip-hoparen mesedetan. Jatorrizkoaren aztarna guztiak desagertuak daude Errusiako zerrendako gehienetan.

Herrialde batzuetan, ingeles hutsez entzuten dira musika arrotzak. Alemania da horren adibide: erritmo teknoak entzun dituzte batik bat, ingelesez kantatuak. Hango kultura musikalarenak egin duela dirudi. Ez dut aurkitu kasurik, musika sen propioari eutsita, hizkuntza propioa abandonatu eta ingelesera jo duenik.

Euskal Herriko zerrendarik ez da hor inon ageri, gure egoera aztertzen hasi nahi bagenu ere. Bitartean, autarkia musikalaren eta inperialismoaren artean izango da akaso mestijaze aberasgarrirako aukera egokiren bat. Topatu –edo asmatu– egin behar, ordea.

Bilatu